NAIZ.INFO
BAIONA

Juan Mari Mujikaren aurkako estradizio eskaera gaur aztertuko du Paueko Auzitegiak

Joan den asteazkenean atxilotu eta ondoren espetxeratu zuten Juan Mari Mujika Dorronsoro errefuxiatu ataundarraren aurkako estradizio eskaera gaur aztertuko du Paueko Auzitegiak.

Juan Mari Mujika errefuxiatua, 2008ko abenduan Baionan egin zuen prentsa agerraldian. (Bob EDME)
Juan Mari Mujika errefuxiatua, 2008ko abenduan Baionan egin zuen prentsa agerraldian. (Bob EDME)

Gaur goizean da azaltzekoa Juan Mari Mujika Dorronsoro errefuxiatu politiko ataundarra Paueko Auzitegiko epailearen aurrean, bere aurka agintari espainolek aurkeztutako estradizio eskaera aztertzeko.

Hainbat urte zeramatzan ataundarrak Zuberoan bizitzen, eta bizimodu erabat publikoa egiten zuen bertan. Prentsaurrekoak ere eman izan zituen –poliziak zirela esan zioten gizon batzuek bahitu egin zutela salatzeko, 2008ko abenduan–, eta ez zuten atxilotu.

Iragan asteazkenean, Polizia frantsesaren operazio batean atzeman zuten errefuxiatu ataundarra, besteak beste, Jose Maria Aznarren aurkako atentatu saiakera bat prestatzen laguntzea egotzita.

Atxiloketaren hurrengo egunean, Mujika espetxeratzea agindu zuen Paueko Auzitegiak, ataundarraren kontrako estradizio eskariaren inguruan ebazpen bat hartu arte.