NAIZ.INFO
BILBO

Cabacasen heriotzaren inguruan «justizia eskatzeagatik» lau gazte epaitu dituzte Bilbon

Lakuako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzaren Kongresuan Iñigo Cabacasen heriotzaren harira «justizia eta Rodolfo Ares Barne sailburuaren dimisioa eskatzeagatik» lau gazte epaitu dituzte Bizkaiko Lurralde Auzitegian.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Iñigo Cabacas herri ekimeneko eta Bilboko herri mugimenduko kideek. (ARGAZKI PRESS)
Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Iñigo Cabacas herri ekimeneko eta Bilboko herri mugimenduko kideek. (ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuak antolatutako Memoria eta Bizikidetzari buruzko Kongresuan Rodolfo Ares Barne sailburua parte hartzen ari zela, Iñigo Cabacasen heriotza salatzeko asmoz publiko artetik hainbat gaztek haren dimisioa eskatu zuten, baita gaztearen auzian justizia eskatu ere. Istilu horien harira, Ertzaintzak lau gazte atxilotu zituen desordena publikoa egotzita.

Auzipetuek «justizia eskatzen zuten kamisetak eramateagatik» epaitu dituztela adierazi dute, «Cabacasen heriotzaren erantzuleak itzalean jarraitzen duten bitartean». Horren aurrean, justizia galdegiten jarraituko dutela esan dute eta deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.

Iñaki Carro gazteen abokatuaren arabera, «surrealista» da kongresu batean «Cabacasen kamiseta eramateagatik eta justizia eskatzeagatik» desordena publikoa leporatzea. Gertatutakoaren azalpena entzun ostean, fiskalak «zigorrik ez eskatzea» espero du abokatuak.

Saioa hasi aurretik elkarretaratzea egin dute Iñigo Cabacas herri ekimeneko eta Bilboko herri mugimenduko kideek. Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotzia ere bertan izan da. «Elkartasuna eta babesa» erakutsi nahi izan die epaitegian bildutakoei eta hilketaren ikerketa amaieraraino eraman ez izana salatu du.

Era berean, Aresen jarrera salatu du zinegotziak «familia diruz erosi nahi izanagatik eta haien abokatua den Jone Goirizelaiaren auka esandakoengatik». Horregatik, Barne sailburuaren dimisioa eskatu du.