Iñaki Errazkin izango da Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatua, Juan Carlos Alduntzinen ordez, Martin Garitano ahaldun nagusiak gaur jakinarazi duenez. Alduntzin kargutik kentzera behartu zuten EAJ, PSE eta PPk uztailaren 6an, zentsura mozio baten bidez.
Alduntzinen ordezkoa Haritz Salaberria Lezoko alkate ohia izango zela esan zuen hasiera batean Foru Aldundiak, baina azkenean Errazkin izendatu dute. Garitanok adierazi duenez, Errazkinek ingurumen alorrean eta hondakinen kudeaketan duen eskarmentu handia baloratu dute eta azkenean bera hautatzea erabaki dute. «Gobernu honen konfidantza osoa du», nabarmendu du.
Errazkin Diputazioko kabinete buru izan da orain arte. Azpeitiko alkate izan zen EAE-ANVrekin urte eta erdiz, baina Inaxio Uriaren aurkako atentatuaren ondoren kargutik kendu zuten zentsura mozio baten bidez. EAJk eta EAko zinegotzi batek babestu zuten mozioa. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako (GHK) kide ere bada duela urte batzuetatik.
Astelehenean hartuko du kargu berria.