Naiz.info
Donostia

Sakabanaketak senideen bizitzak arriskuan jartzen dituela ohartarazi du Etxeratek

Mikel Egibarren emazteak traumatismoa du garezurrean eta haustura masailezurrean. Intubatuta eta sedatuta dago. Semeak humeroa hautsia du eta kolpeak hainbat tokitan. Alabak ez du zauri larririk. Etxeratek «arduraz» jokatzeko eskatu die alderdi eta instituzioei.

Troitiño eta Aranburu, Donostian egindako agerraldian. (ARGAZKI PRESS)
Troitiño eta Aranburu, Donostian egindako agerraldian. (ARGAZKI PRESS)

Natxi Aranburu eta Mattin Troitiñok, Etxeraten izenean, agerraldia egin dute Donostian Mikel Egibarren senideek izandako istripua salatzeko. Egibarren emazteak eta 14 eta 12 urteko seme-alabek trafiko istripua izan zuten atzo, Zuerako espetxetik Euskal Herrirako bidean.

Hiruak zihoazen autoak kamioi baten aurka jo zuen, eta suhiltzaileen laguntza behar izan zuten ibilgailutik atera ahal izateko.

Egibarren emaztea eta 14 urteko semea Zaragozako erietxean daude eta 12 urteko alaba Miguel Servet ospitalean dago. 

Txikienak «ez du zauri larririk», Aranbururen arabera, baina konmozio «oso fuertea» du.

Bikotekideak eta semeak, ordea, ebakuntzen beharra izango dutela nabarmendu du. Emazteak garezurrean traumatismoa du eta masailezurrean hainbat haustura ditu. Zaurien eraginez komunikatzeko gaitasunik ez duela ere ohartarazi dute. Intubatuta eta sedatuta dago.

Semeak humeroan haustura du eta kolpeak ditu toraxean, buruan eta masailezurrean. 

Bizitzak arriskuan

Aranbururen arabera, Etxeratek urteak daramatza sakabanaketak dakartzan «ondorio larriak» salatzen. «Etengabean gure bizitzak arriskuan jartzen ari gara», esan du.

Bere hitzetan, sakabanaketa politika honek «nahikoa heriotz eragin ditu dagoeneko, baina, hala ere, edozein eror daiteke ondo olioztatutako mekanismo honen eskuetan, non gure delitu bakarra senideei maitasuna eskaintzea den».

«Gure senideak heriotzera kondenatuak daude», adierazi du, eta «zorte berbera izatea bilatzen dute gaixorik daudenentzat». 

«Gutako edonork heriotza aurrez aurre aurki dezake Zuerako edo Algecirasko bidean», sakabanaketa politikak «kilometroak egitea baino zerbait gehiago bilatzen duelako».

Hala, politika hori babesten duten alderdi politiko eta instituzioek «zer duten esateko» galdetu dute eta «zuhurtziaz eta arduraz» jokatzeko galdegin diete.

«Haurrek hil behar al dute lo daukazuen ardura politikoa esnatzeko eta sakabanaketa politikari amaiera emateko? Zeri itxaron behar diozue?», galdetu dute.