Naiz.info
Donostia

Sakabanaketarekin eta salbuespen neurriekin amaitzeko galdegin dio LABek PPren Gobernuari

Mikel Egibarren senideek izandako istripua «ez dela ezbehar hutsa» esan du sindikatuak, «bulegoetatik diseinatutako euskal preso politikoen kontrako mendeku politika argi baten ondorio larria baizik».

LAB sindikatuak elkartasuna adierazi die Zaragozan ospitaleratuta dauden Mikel Egibarren senideei ohar bidez eta horiek jasandako istripua «ez dela ezbehar hutsa» ohartarazi du, «bulegoetatik diseinatutako euskal preso politikoen kontrako mendeku politika argi baten ondorio larria baizik».

Sindikatuaren arabera, «preso politikoen kontrako mendeku politiken iraupena PPren Gobernuaren itxikeriaren isla argia da». «Sekula existitu behar izan ez diren salbuespen neurri horiek, oraindik orain herri oso bat salbuespen egoeran mantentzen ari direnaren seinale ditugu», esan du.

Ildo horretatik, eta euskal gizartearen eskariarekin bat etorriaz, sakabanaketarekin eta salbuespen neurri guztiekin amaitzeko galdegin dio PPren Madrilgo Gobernuari. «Errezeta zaharretan tematurik jarraitzea, blokeo egoeran irautea ez da onuragarria, inorentzat ere ez», esan du.