Ramón SOLA
BILBO

Uribetxebarriaren egoerari «konponbidea» emateko aldarrikatu dute Bilbon

2.000 lagunetik gora batu dira Gernikako Akordioak deituta Bilbon egin duten elkarretaratzean. Arrasateko preso politikoaren kasua «larrialdi humanitario» bat dela nabarmendu dute eta hamar egun bete dituela gose greban gogoratu dute.

Donostiako Ospitalearen aurrean gose greban ari diren lagunek hitza hartu dute Bilbon. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)
Donostiako Ospitalearen aurrean gose greban ari diren lagunek hitza hartu dute Bilbon. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)

Iosu Uribetxebarriaren egoerari «konponbidea» emateko eskatu dute Gernikako Akordioaren kideek. Aralarreko ordezkari Josu Murgiak eta LAB sindikatuko Sonia Gonzalezek hartu dute hitza Bilboko Euskadi plazan egin duten elkarretaratzean eta euskal jendarteak ez duela nahi «heriotza ezta sufrimendu gehiagorik» nabarmendu dute.

Gernikako Akordioaren ordezkariek «bakea, konponbidea eta demokrazia» aldarrikatu dituzte 2.000 lagunetik gora batu diren ekitaldian.

Gonzalezek gogoratu duenez, bi urte beteko dira laster Gernikako Akordioa sinatu zutenetik eta hamar hilabete Aieteko adierazpena eman zenetik. Indarkeria ezaren aldeko «apustua» izan zirela adieraz du, baina Estatu espainiarrak ez dituela nazioarteko araudiak ezta bere espetxeko legedia betetzen salatu du.

Uribetxebarriaren kasua «larrialdi humanitario» bat dela esan dute eta «konponbidea» eman behar zaiola azpimarratu dute.

Donostiako Ospitalearen aurrean gose greba burutzen ari direnak ere parte hartu dute ekitaldian eta Arrasateko presoak «sendo» eta «tinko» jarraitzen dutela adierazi dute. Ildo horretan, askatu arte gose grebarekin jarraitzeko asmoa daukala Uribetxeberriak esan dute.

Fran Balda eta Jon Garai mintzatu dira gose grebalarien izenean eta Arrasateko presoaren kasua «oso larria» delako elkartasun «olatu» bat sortu dela nabarmendu dute, baina olatu hori «tsunami» bihurtu beharra dagoela espetxe politikarekin bukatzeko gaineratu dute.

Gaixotasun larriak dituzten beste 13 euskal preso politikoak Uribetxebarriarekin egoerara heltzeko «arriskuan» daudela aipatu dute.

EH Bilduren lehendakarigai Laura Mintegik elkarretaratzean parte hartu du. Amaiurretik berriz, Maite Aristegi eta Onintza Enbeita diputatuak eta Alberto Unamunzaga senataria izan dira.

Ertzaintzak helikopterotik zelatatu du elkarretaratzea, baina ez da inongo arazorik izan.