Patxi Zabaleta, Rebeka Ubera eta Dani Maeztu Aralarreko zuzendaritzako kideek agerraldia egin dute gaur, datorren irailaren 26rako sindikatuek eta gizarte eragileek Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorrari babesa emateko.
Aralarren aburuz, «krisiaren eta egoera ekonomikoaren aitzakipean, herritarren eskubideak pribilegio gisa saltzen dihardute, kapitalaren aginduetara jokatzen ari diren alderdi eskuindar eta neoliberalak».
Zentzu horretan, azkenaldian jazotako murrizketengatik, ekonomia arloan hartutako neurriengatik eta langabeziaren igoeragatik, besteak beste, beren ardura agertu dute Zabaleta, Ubera eta Maeztuk.
Hori dela-eta, Aralarrek uste du «behar-beharrezkoa» dela «behin eta berriro gure oinarrizko eskubideak urratzen» dituzten murrizketei «aurre egingo dien herri harresia erakitzea».
«Aralarretik gizarteko mugimendu, sindikatuetatik bideratutako mobilizazio guztiak babesteaz gain, indar metaketa eta artikulazioaren alde egingo dugu, bai kalean eta ordezkaritza daukagun erakundeetan, murrizketei aurre eginez, eta eskubide sozial eta laboralak defendatzeko proposamenak eginez», nabarmendu dute.
Bukatzeko, Aralarrek zera azpimarratu du: «Aterabideak eskaintzea, sustatzea, indarrean jartzen ahalegintzea da gure lehentasuna, eta horretan saiatuko gara ere, momentu larri hauetan, gainerako eragile ezkertiar eta aurrerakoiekin».