NAIZ.INFO
Donostia

EH Bildu: «Uribetxebarriaren kasua beste 13 katebegi dituen katearen abiapuntua da»

EH Bildu koalizioak euskal gizartea zoriondu du Iosu Uribetxebarriaren auziaren amaieragatik eta euskal preso politikoak bere gaixotasun larriari «bere duintasun osoaren jabe» aurre egin ahal izango diola nabarmendu du.

Julen Arzuaga EH Bilduko hautagai eta gobernu taldeko Herritarren Askatasunak alorreko arduradunak agerraldi batean nabarmendu duenez, Iosu Uribetxebarriaren auziak irakaspen batzuk utzi ditu.

Horien artean lehena, legea ezin dela «instintu baxuenetatik aplikatu, mendeku irizpide batetik». «Aldez aurretik gertatutako inolako bidegabekeriarik edo sufrimendurik, are gutxiago helburu politikorik, ezin du justifikatu tratu krudel edo gizagabekoa», esan du.

Horrekin batera, azken hilabeteetan nazioarteko instantziek tratu txar eta torturak ikertzeko eskatu izana nabarmendu du, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ‘Parot doktrina’ri buruz kaleratutako ebazpena eta atzo Iosu Uribetxebarriaren askatasunaren inguruan Auzitegi Nazion espainolaren erabakia.

EH Bildurentzat, Uribetxebarriaren askatasuna ez da «ezeren amaiera, beste hamahiru katebegi duen kate baten abiapuntua baizik».

Arzuagak adierazi duenez, legeak «lagundu» egin behar du, «bideak zabaldu behar ditu, inoiz ez itxi». Horregatik, Uribetxebarriaren kasuan auzitegien geldotasuna gaitzetsi du.

«Kasu honekin ikusi dugun bezala, oztopo guztien gainetik, giza eskubideek eta euren artean askatasunerako eskubideak, aurrera bidea egiten dute etengabe».