NAIZ.INFO
DONOSTIA

Madrilen borondaterik gabe aterabidea independentzia dela dio ezker abertzaleak

Espainiako Estatuak konponbiderako borondaterik ez baldin badu «burujabetasunaren bideari ekin» eta eremu instituzionalean «independentziarako aldebakarreko adierazpena egitera heltzeko erabakitasun politikoarekin» aurrera egiteko asmoa agertu du ezker abertzaleak.

Ugarteburu eta Beitialarrangoitia gaurko agerraldian. EZKERABERTZALEA.info
Ugarteburu eta Beitialarrangoitia gaurko agerraldian. EZKERABERTZALEA.info

Iosu Uribetxebarriaren askatasuna eta Bartzelonan Diada egunean izandako manifestazio historikoa hizpide harturik, konponbidean eta independentziarako bidean eman beharreko urratsen berri emateko agerraldia egin dute gaur Maribi Ugarteburu eta Marian Beitialarrangoitia ezker abertzaleko kideek.

Beitialarrangoitiak adierazi du «ez direla kontra eta blokeoan ari den gobernuaren borondate aldaketari begira» egoteko garaiak. Onartu du Estatuaren, eta kasu honetan PPren, parte hartzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko, baina konponbiderako borondaterik egon ezean aurrera egiteko deia egin du.

Euskal Herriak heri gisa etorkizuna duela esanda «independentziarako aldebakarreko adierazpena egitera heltzeko erabakitasun politikoa» dutela adierazi du. Egungo «borondate ezak eta bokeoak herritarren eskutik» gainditu behar direla adierazi du Beitialarrangoitiak.

«Argudio faltaren ondorio da boikota»

Maribi Ugarteburuk Espainiako Gobernuaren «oposizio eta boikot» jarrera salatu ditu eta proiektu independentistari aurre egiteko duen «argudio faltaren ondorio» dela adierazi du.

ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zuenetik ezker independentista konponbidearen alde lanean aritu dela esan du eta «guztien lehentasunezko lana» izan beharko litzatekeela «gatazkaren funtsa eta ondorioak» gainditzeko lan egitea.

Aieteko adierazpenarekin bide orria marraztua dagoela esan du Ugarteburuk, «denoi dagokigu Aieten inbertsioak egitea».