2009ko ekaineko sarekadaren ondorioz auzipetu zituzten Hernani eta Urnietako hamar gazteen aurkako epaiketa ordubeteko atzerapenarekin hasi da, guztiek ‘Gazte bat gehiago ez’ leloa duten kamisetak soinean zituztela.
Txaber Zabaleta izan da deklaratzen lehena. Sekula ez dela Segiko kide izan esan du, eta bileretan ere ez zuela parte hartu. Senide presoei egindako omenaldietan izan dela adierazi du.
Jon Ezeizak ere ukatu egin du Segikoa denik. Atxiloketa eta inkomunikazio aldian, bai Donostian bai Madrilen, jasandako tratu txarrak salatu ditu. Egin zizkioten presio eta mehatxuengatik Poliziaaren aurrean bi deklarazio sinatu zituela gogoratu du, eta forentseari tratu txarren berri eman ziola, baina ez epaileari, ez baitzuen deklaratu. Aurrerago salaketa jarri zuen Donostiako epaitegian.
Antton Zabala ez zuten sarekadan atxilotu, ez baitzegoen etxean. Bere borondatez aurkeztu zen epailearen aurrera, abokatuarekin. Segikoa ez dela esan du eta jarduera politikoetan ez duela parte hartzen.
Gaurko saioan Ekaitz Telleriak eta Iñigo Alzelaik ere deklaratu dute. Lehenak ukatu egin du Segikoa denik eta kale erasoetan parte hartu duenik. Alzelaik, berriz, jasandako tratu txarren berri eman du.
Epaiketak bihar jarraituko du. Hamar gazteentzat zazpi eta bederatzi urteko espetxe zigorrak eskatzen ditu Fiskaltzak, Segiko kide eta «talde terroristako» kide izatea leporatuta.
Inkomunikazioaren ostean, hamar atxilotuetatik zazpik salatu zuten Polizia espainolaren esku izan zirenean torturak sufritu zituztela.
Elkartasuna
Gazteak senide eta lagunen babesa jaso dute Auzitegi Nazionalean. Amaiurrek ere babesa erakutsi die auzipetuei. Epaiketa gela txikia da, baina denak sartzea lortu dute.
Euskal Herritik kanpora ere jaso dute babesik, tartean Txileko futbol talde baten jarraitzaileek erakutsitakoa.