Peio Etxeberri-Ainchart, Xabi Larralde eta Argitxu Noblia, AB, Batasuna eta EAko ordezkariak hurrenez hurren, eta Jakes Abeberri, Alain Iriart eta Daniel Olzomendi hautetsi abertzaleak dei egin diote gaur goizean, Baionan, PSri aitortza instituzionala behingoz onartzeko «sortu den aukera paregabea gal ez dezan» eta Ipar Euskal Herriko «nahiari» erantzun diezaion
«Abian den bake-prozesuaren testuinguruan dagoeneko borroka armatuaren aitzakiarik existitzen ez den» honetan eta Ipar Euskal Herriak herri elkargo bereziaren sorreraren inguruan adierazitako adostasuna kontuan hartuz, «borondate hori aintzat ez hartzea, eskandalagarria eta ulertezina» litzatekeela adierazi dute.
Horrenbestez, «alderdikeriak alde batera utzi eta urratsa egin dezan» dei egin diote Gobernua eta erakunde gehienak bere esku dituen PSri. Hala ez balitz, «sekulako frustrazioa» eragiteaz gain, «azken hauteskundeetan agertu den aldaketa sozial eta politikoa eraikitzea ezinezkoa bilakatuko litzatekeela epe motz-ertainean» gaineratu dute.
Hautetsien Kontseiluko ordezkaritza
Jakes Abeberrik urriaren 11n Marylise Lebranchu Deszentralizaziorako ministroarekin bilduko den ordezkaritza zein izango den jakinarazi du. Hala, sentsibilitate guztiak present egon daitezen, sei hautetsik eta Garapen Kontseiluko presidente Jean-Baptiste Etchetok osatuko dute aipatu ordezkaritza. Hautetsiak hauek izanen dira: Frederique Espagnac (PS) eta Jean-Jacques Lasserre (MoDem) senatoreak; Sylvaine Alaux eta Colette Capdevielle diputatuak, biak PSkoak, Max Brisson (UMP) eta Jean-MIchel Galant (abertzalea).