NAIZ.INFO
CARACAS

Oposizioak dio Hugo Chavezekin hitz egiteko prest dagoela

Hugo Chavez Venezuelako lehendakari hautatu berriak eskertu egin ditu hauteskundeak irabazi ondoren mundu osotik jaso dituen zorion mezuak. Oposizioa batzen duen mugimenduak, berriz, elkarrizketarako prest dagoela esan du.

Hugo Chavez, hauteskunde egunean, bozkatu ondoren. (Luis ACOSTA/AFP)
Hugo Chavez, hauteskunde egunean, bozkatu ondoren. (Luis ACOSTA/AFP)

Hauteskundeak irabazi osteko biharamunean, Hugo Chavez Venezuelako lehendakaria pozik agertu da eta bere Twitter kontuaren bidez eskerrak eman dizkie garaipena lortzeagatik zoriondu dutenei.

Brasil, Errusia, Bolivia, Bielorrusia eta Ekuadorreko Estatuburuekin hitz egin duela esan du hirugarren aldiz mandatua berritu duen Chavezek.

Oposizioak, bere aldetik, Chavezekin hitz egiteko prest dagoela adierazi du, betiere mintzakide bezala onartzen badute eta errespetuan oinarritzen bada, MUD Batasun Demokratikorako Mahaiko idazkari nagusi Ramon Guillermo Aveledok azaldu duenez.

Venezuelan Chavezi «alternatiba» eraikitzeko lanean jarraituko duela ziurtatu du.

Henrique Caprilesek ere bere alde bozkatu duten 6,5 milioi pertsonentzat errespetua eskatu dio Venezuelako presidenteari.