NAIZ.INFO
LISBOA

Portugalen garraio publikoan izaten ari den eragin «handia» nabarmendu dute sindikatuek

Portugalgo Langileen Konfederazioko idazkari nagusia den Armenio Carlosen arabera, greba orokorra %90eko babesa ari da jasotzen eta, batez ere, garraio publikoan izaten ari da jarraipena. Merkataritza eta hezkuntza alorrean eragina txikiagoa da.

Lisboako aireportuak greba egunaren harira hartu duen itxura. (Miguel RIOPA/AFP)
Lisboako aireportuak greba egunaren harira hartu duen itxura. (Miguel RIOPA/AFP)

Greba orokor eguna dute Portugalen Pedro Passos Coelho lehen ministroaren murrizketa politikaren aurka, besteak beste, herrialdeko Langileen Konfederazioak (CGTP) deituta.

Greba %90eko jarraipena izaten ari dela nabarmendu du eta eragin hori, batez ere, garraioan nabaritzen dela azpimarratu du sindikatuak. Armenio Carlos sindikatuaren idazkari nagusiaren arabera, gaueko txandeetan eragin «handia» izan du deialdiak, «Lisboa eta inguruetako fabrikak itxita egon dira».

Lisboan, metro geltokiak itxita daude eta trenik ez dabil. Portuan ere ia ez da mugimendurik. Hainbat autobus geltokitan istiluak izan dira Polizia eta piketeen artean, eta pertsona bat atxilotu dute.

Merkataritza alorrean eragina txikiagoa izan da, bertako hedabideen arabera eta ikastetxeetan ere jarraipena izan du baina «irregularra» da.

CGTPk eman dituen datuetan oinarrituta, portugaldarrek Coelhoren politikei abisu bat eman diela ondorioztatu du. Gobernuak, bere aldetik, ez du grebaz hitz egin eta ez ditu parte hartzeari buruzko datuak eman, ohi duen legez.

Ezkerreko alderdiek greban parte hartzeko deia egin dute

Portugalgo ezkerrak greba orokorrean parte hartzeko deia egin du. Hala egin dute herrialdeko alderdi ezberdinek.

Alderdi Komunistako idazkari nagusiak, Jeronimo de Souzak, gaurko protesta eguna Gobernuaren politikei aurre egiteko erabili behar dela azpimarratu du. Bestalde, Joao Semedo Ezkerreko Blokeko koordinatzailea piketeetan ibli da.