Naiz.info
Iruñea

Sakabanaketaren aurkako mobilizazioak deitu ditu Herrirak

Sara Fernandez eta Karmele Solagurenen heriotzen urtemugaren harira, mobilizazioak egingo dira Iruñean azaroaren 30etik abenduaren 14ra. Sakabanaketa salatzea izango dute helburu.

Herrirako kideek datozen egunetako mobilizazioak iragarri dituzte. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Herrirako kideek datozen egunetako mobilizazioak iragarri dituzte. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Azaroaren 28an eta abenduaren 6an, Sara Fernandez eta Karmele Solagurenen heriotzen bederatzigarren eta zortzigarren urteurrenak beteko dira, hurrenez-hurren. Preso politikoak ikustera zihoazela hildako bi senide izan ziren Fernandez eta Solaguren.

Herrira herri mugimenduaren arabera, bi horien heriotzak eta «sakabanaketak eraman dituen beste 14 biziak ez dira, zoritxarrez, egun hauetan bihotza estutzen diguten bakarrak. Astebururo, ehunka pertsona errusiar erruleta horren menpe egoteak ere kezka larria eragiten digu», esan dute Iruñean egindako prentsaurrekoan.  

Hala, orain bi asteburu Tafallako hiru lagunek Galizara bidean Leonen izan zuten istripua gogorarazi dute, Ines del Rio eta Josu Bravo bisitatzera zihoazela. 2012ko hamahirugarren istripua izan zela ohartarazi dute eta sakabanaketaren eraginez aurtengoan 40 lagunek istripuak izan dituztela salatu.

Herrirak «alerta deia» egin du, «presoen familiek etengabe jasaten duten arriskuaren aurrean».

Gobernu espainolaren jarrera «probokazio hutsa eta egiazko arduragabekeria» dela nabarmendu dute eta «bake prozesua oztopatu nahian, sakabanaketaz, familia hauen oinazeaz eta haien giza eskubideen urratzeaz baliatzen segitzea» leporatu diote.

Madrilgo «boikotaren» aurrean, euskal jendarteari galdegin diote «akordio sozial zabal bati heltzeko» eta berau Euskal Herriko kaleetan erakustarazteko.

Ildo horretatik, hainbat mobilizazio deitu ditu herri mugimenduak datozen egunetarako. Azaroaren 30ean, hileko azken ostirala, Iruñean bilkura antolatu du eguerdiko 12.00etan Gobernu espainolak duen ordezkaritzaren aurrean.

Abenduaren 5ean, bilkura deitu du Barañaingo Udaletxearen aurrean (19.00) eta abenduaren 14an Iruñean mobilizazioa egingo du, 18.30ean, Autobus Geltokian, ‘Sakabanaketak hil egiten du. Euskal presoak Euskal Herrira’, lelopean.

Deialdi horiek urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioaren aurrekari direla adierazi du Herrirak, bere helburua Bilboko kaleetan «akordio sozial zabala» agerian uztea baita.