Larunbat honetan, hilaren 12an, Herrira mugimenduak Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egiten dutela adierazi dute Estatu espainoleko hamar ikasle antolakundek. «Nazioarteko elkartasuna oinarri, giza eskubideak, irtenbidea eta bakea aldarrikatuko dituen manifestazioan izango gara», adierazi dute prentsa ohar baten bidez.
Era berean, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa «aitortzeko» eskaria egin dute eta honen ondorio guztiak «konponbide bidean» jartzea exijitu dute. Modu horretan, errepresaliatu guztien etxeratzea aldarrikatu dute.
Bide horretan, preso dauden herritarren eskubideak errespetatzeko deia luzatu dute eta euskal presoen herriratzea, gaixo daudenen askatasuna, ‘Parot doktrinaren’ indargabetzea eta dagozkien giza eskubide denak «onartu eta errespetatzea» aldarrikatu dute.