Arkaitz Anzak, Maitane Linazasorok eta Xabier Lujanbiok ezkutatzea erabaki zuten, Epaitegi Goren espainolak Auzitegi Nazionalak ezarri zien sei urteko espetxe zigorra berretsi ondoren.
Anzak Infozazpi Irratiak egindako galderei erantzun die gaur goizean. Ezkutatzea erabaki zutenetik hilabete igaro direnean, animoz ondo daudela baina egunak «nahiko luzeak» egiten direla azaldu du, izan ere, «azken finean preso zaude era batera edo bestera».
Familikoengatik edo gertukoengatik animoz «baxu» egongo liratekeela uste du, nolabaiteko «inkomunikazio» egoera pairatzen ari direlako eta komunikabideen menpe egon behar dutelako kalean gertatzen denaren berri izateko.
Ezkutatzeko hartu zuten erabakiari buruz galdetuta, beren lan politikoarekin jarraitzeko egin zutela berretsi du, eta Gorenaren «epaiarekin ados ez gaudela helarazteko». Horrekin batera, «Estatu espainolaren ruleta horretatik ateratzeko» hartu zuten erabaki hori. «Beraiek dena kontrolatzen dute, noiz eta zer egingo duzun, horrekin hautsi nahi genuen. Lan politikoa egiteagatik kondenatu gintuzten eta jardun horrek guztiz legala eta zilegia izan behar duela aldarrikatu nahi dugu», nabarmendu du Anzak.
Elkartasun hitzak ere izan ditu babesa helarazi dieten guztientzat, baina batez ere beren etxeko ateak ireki dizkiete familia guztientzat.
Etorkizunari itxaropenez begiratzen dioten galdetuta, «esperantza grisa» aipatu du, «jakinda hurrengo bost urteak espetxean pasako ditugula».
Estatuen blokeoari «herri bezala» erantzun behar zaiola adierazi du, eta eskubide urraketarekin bukatzeko «indarrak metatu» behar direla.