NAIZ.INFO
DONOSTIA

Gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak bere bikotekide ohiari tratu txarrak eman dizkiolakoan

Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu du Donostiako Martutene auzoko zerbitzugune batean ustez bere bikotekide ohiari tratu txarrak eman dizkiolakoan. Biktima Donostiako Ospitalera eraman dute.

39 urteko gizonezko baten atxiloketaren berri eman du Ertzaintzak. Haren arabera, Donostiako Martutene auzoan dagoen zerbitzugune batean bere bikotekideari tratu txarrak ematen ari zen gizona.

Gertaerak atzo gaueko 22.15tan eman ziren. Orduan pertsona batek Ertzaintzari deitu zion, gizonezko bat emakumezko bat jotzen ari zela salatuz.

Bertara gerturatutako agenteek bi pertsonen arteko borroka ikusi zuten. Behin egoera lasaituta, biktimak bere bikotekide ohiak lepotik heldu ziola azaldu zion Ertzaintzari, baita ostikoak eman zizkiola ere.

Orduan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, erasotua Donostiako Ospitalera eraman zuten bitartean.