NAIZ.INFO
BILBO

Xabier Lopez Peña presoak jasotako tratua salatu du Herrirak frantses kontsulatuaren aurrean

Herrira mugimenduak kexa formal bat entregatu dio frantses kontsulatuari Xabier Lopez Peña preso politikoak jaso zuen tratua salatzeko. Era berean, haren heriotzaren inguruko «ilunak» argitzeko eskatu du.

Ehundaka pertsonek Xabier Lopez Peñaren heriotza salatu dute frantses kontsulatuaren aurrean. (ARGAZKI PRESS)
Ehundaka pertsonek Xabier Lopez Peñaren heriotza salatu dute frantses kontsulatuaren aurrean. (ARGAZKI PRESS)

Herrira mugimenduak deituta, 200 bat lagunek elkarretaratzea egin dute Bilbon frantses kontsulatuaren aurrean Xabier Lopez Peña presoaren heriotza salatzeko asmoz. Bertan, kexa formal bat entregatu diote frantses kontsulari.

Ohiko azterketa mediku bat heriotzan amaitu izana «ulertzaiga» dela adierazi du Herrirak eta mediku taldeak presoarekiko izan zuen jarrera salatzeaz gain, Lopez Peñaren heriotzaren inguruko informazioa «ezkutatu» egin dutela gaineratu du.

Estatu frantsesean preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak heriotzaren zergati direla ere nabarmendu du mugimenduak eta Lopez Peñak espetxean behar zuen tratamendurik jasotzeko modurik ez zuela gaineratu du.

François Hollanderi presidente frantsesari garai berriei lotutako espetxe politika aplikatzeko eskatu dio eta ez diezaiola Mariano Rajoy presidente espainiarrak aplikatzen duen politikari jarraipenik egin exijitu dio.

Estatu frantsesean dauden 130 preso politikoen eskubideak errespeta ditzatela eskatu du Herrirak, «pertsona bezala tratatuak izan daitezen».

Era berean, Ibon Fernandez larriki gaixo dagoen presoaren askatasuna eskatu dute, espetxean ezin baitiote behar duen tratamendurik eskaini.

Larunbat honetan ‘Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea’ lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu du Herrirak.