«Segiko kideak judizialki kondenatuta, Espainiako Estatuak berriro erakutsi du bere maila demokratikoa zoruaren mailan dagoela», salatu du Aralarrek ohar batean Auzitegi Gorenaren epaiaren berri izan ondoren. Zigortu dituzten gazteei elkartasuna adierazi die.
Alderdi horren ustez, «Espainiak euskal herritarren giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak, modu basati batean urratu ditu. Oraindik ez du ulertu giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak direla edozein demokraziaren oinarria, eta horiek bermatu ezean ezin daitekeela inolaz ere esan gizarte demokratiko batean bizi garenik», erantsi du.
Salatu duenez, «bakea eta elkarbizitza eraikitzeko aspaldiko abagune onenean gaudenean, Espainiako Estatua behin eta berriro oztopoak jartzen ari da». Horregatik, dei egin dio PPri «inmobilismoaren jarreratik irten eta gure herriak hainbeste desiratzen duen bakea eta elkarbizitza erdiesteko urratsak» eman ditzala.