NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako Bulebarrean erakutsitako «duintasun eredua» txalotu du Alternatibak

Alternatibako eledun Oskar Matutek Donostiako Bulebarrean ehunka lagunek erakutsi duten «erresistentzia baketsua, herri duintasuna eta elkartasuna» txalotu ditu.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek ohar batean elkartasuna adierazi die Donostian Ertzaintzak atxilotu dituen gazteei eta ehunka lagunek erakutsi duten «bidegabekeriaren aurkako erresistentzia baketsua, herri duintasuna eta elkartasuna» txalotu ditu.

Matuteren ustez, euskal gazteriak «elkartasun aktiboa eta ez-biolentziarekiko konpromisoa agertu du erresistentzia zibilaren bitartez, eta auzi honetan bakoitzaren kokapena agerian utzita». «Deitoragarritzat» jo du Iñigo Urkulluren Gobernuak izan duen jarrera, «berriz ere jarri baitu Ertzaintza bakea zein normalizazio politikoa oztopatzeko asmoa besterik ez duen Espainiako Erresumako Gobernuaren borondatearen zerbitzura».

Ertzaintzak Aske Gunea hustutzea lortu duen arren «elkartasuna eta Euskal Herrian pertsona guztien eskubide guztiak berrezartzea helburu duen prozesua geldiarazterik ez dutela lortuko» adierazi du.

Antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.