NAIZ.INFO
DONOSTIA

Maiatzaren Lehenean murrizketen aurkako herri harresia eraikitzeko deia egin du EH Bilduk

Euskal Herria Bilduk azaldu duenez, «azken urteetan bezala», testuinguru «kezkagarrian» gauzatuko da Maiatzaren Lehena eta, horregatik, bestelako eredu bat aldarrikatzeko kalera atera eta alternatiba bat eraikitzen joateko deia egin du koalizioak.

Xabier Soto, Pernando Barrena, Rebeka Ubera eta Haritz Perez. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Xabier Soto, Pernando Barrena, Rebeka Ubera eta Haritz Perez. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Ezer gutxi dugu ospatzeko Hego Euskal Herriko langileok, dekretu bidez ezarritako murrizketek eta beren eskubide sozial eta laboralen urraketa etengabeek oso ataka zailean uzten gaituztelako». Hitz horiekin aztertu du EH Bilduk aurtengo Maiatzaren Lehenaren testuingurua, Donostian egindako agerraldi batean.

Pernando Barrena eta Rebeka Uberak koalizioaren izenean salatu dutenez, «aspaldiko urteetako langabe kopuru handienetako bat daukagunean egingo diogu aurre Maiatzaren Lehenari» eta, horrez gain, lanean daudenak «gero eta egoera kaskarragoetan daude, patronalak eta haien aginduetara dauden EAJ, PP, UPN eta PSE-PSNk erabakia dutelako azken hamarkadetan langileen borrokaren bitartez eskuratutako eskubideak zakarretara bidaltzea».

Gaineratu dute EAJren Jaurlaritza eta UPNren Nafarroako Gobernua «Madrilen sukurtsal gisa» jokatzen ari direla, Rajoy eta bere Gobernuak «ostiralero dekretu bidez ematen dituzten mezu ilun eta lizunei sumisio kezkagarria adieraziz».

Testuinguru horretan, mobilizatzea «eta gure eskubideak aldarrikatzeko tarterik ez dagoela» erantzuten dutela arbuiatu dute koalizioko bozeramaleek. Baina, haien iritziz, «Maiatzaren Lehen honetan eta hemendik aste batzuetara etorriko den greba orokorrean kalera ateratzeko inoiz baino arrazoi gehiago» dago.

«Bada garaia –aldarrikatu dute– bestelako gizarte eredu batean sinesten dugunok murrizketen eta eskubide urraketei aurre egingo dien herri harresia eraikitzeko».

Bide horretan, kalean eta instituzioetan «modu eraginkorrean eta herritarren interesen alde arituko den alternatiba» eraikitzen joateko aukera «paregabea» dagoela nabarmendu dute.