NAIZ.INFO
BILBO

Bakearen bidean sakontzeko deia egin du Aralarrek, Gobernu espainolaren zain egon gabe

Estatu frantsesean izan diren sei atxiloketen aurrean, Aralarrek nabarmendu du «terrorismoaren kontrako borrokan aritzeko baino gehiago, elkarrizketa egiteko» garaia dela. Gainera, bakearen bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra nabarmendu du, Madrilgo Gobernuaren zain egon gabe.

Ohar baten bitartez Aralarrek gogoratu duenez, ETAk jarduera armatua behin betiko uzten zuela iragarri zuenetik, «behin baino gehiagotan berretsi du jarrera hori».

Zentzu horretan, Aralarrek uste du «beharrezkoa» dela «elkarrizketa abian jartzean eta gatazkaren ondorioei konponbidea emateko adostasunak erdiestea, atxiloketak egietari utzita eta antiterrorista deitutako legeak bertan behera uzteko lanari ekinda».

Nabarmendu duenez, Aieteko Bake Konferentziaren ondorioetan jasotzen da ETA erakundearen desarmea gauzatzea beharrezkoa dela, baina argitu hura «gauzatu ez bada, Espainiako Gobernuaren jarrerarengatik» izan dela, honek, «ETAk ez bezala, ez baitu inoiz aintzat hartu eta ez baitu inoiz bete Aieteko Konferentziaren ondorioetan jasotakoa».

Gernikako Akordioan jasotakoaren haritik, «aldebakarrekotasunaren esangura eta garrantzia» azpimarratu du Aralarrek. «Bake eta normalizazio politikoaren bidean garai itxaropentsu hauetara iristea lortu bada, aldebakarrekotasunaren bideari eutsi zaiolako izan da, eta aurrerantzean ere bide horretan urratsak ematen jarraitzea da bide bakarra», gaineratu du.

Aralarren dei egin die Euskal Herriko eragile politiko eta sozialei eta gizarteari oro har jarrai dezatela bakearen eta normalizazio politikoaren eta sozialaren bidean sakontzen.

«Bakea etorriko bada, beharrezkoa da gizarte osoaren ahalegina eta inplikazioa. Horrenbestez, bide horretan urrats eraginkor gehiago emateko deia egiten du Aralarrek, itxaroten geratu gabe inoiz mugituko ez den Espainiako Gobernuari», azaldu du.