NAIZ.INFO
BILBO

Jarraipen eskasa izan du EAEn hezkuntza arloko grebak, eta zabalagoa Nafarroan

Estatu espainiar mailan murrizketen eta hezkuntza erreformaren aurka hezkuntza publikoan deitutako grebak jarraipen eskasa izan du EAEn CCOO eta UGT-k babestutako deialdiak. Nafarroan, aldiz, sindikatu nagusien babesa izan du, eta jarraipena %30-50ekoa izan da, deitzaileen arabera.

Iruñeko manifestazioaren amaierako argazkia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Iruñeko manifestazioaren amaierako argazkia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, Bizkaiko zentro publikoetan %0,28ko jarraipena izan du grebak. Gipuzkoaren kasuan %0,19koa izan da eta Araban ere jarraipena oso txikia izan da.

Inolako istilurik egon ez dela eta zentrorik ixteko beharrik egon ez dela gaineratu du Exekutiboak.

CCOO-Euskadi sindikatuko Hezkuntza saileko bozeramale Pablo Garciak berak onartu du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan jarraipena txikia izan dela, baina Estatu espainol mailan erantzuna «indartsua» izan dela nabarmendu du.

Deialdi honen helburua hezkuntza komunitateak LOMCE delakoa gelditzeko beharraren inguruko kontzientzia hartzea dela azpimarratu du Garciak.

Sindikatu abertzaleei kritika zuzendu die CCOO-Euskadi sindikatuko eledunak, deialdiarekin bat egin ez dutelako.

UGT-Euskadiko Hezkuntza saileko bozeramale Joseba Ander Muñozek ere sindikatu abertzaleak kritikatu ditu.

Nafarroa

Nafarroaren kasuan, aldiz, sindikatu nagusi guztiek bat egin dute deialdiarekin eta, jakinarazi dutenez, zonaldearen arabera jarraipena desberdina izan den arren, %30 eta %50 bitartekoa izan da. Greba eguna normaltasunez joan da, eta ez da gorabehera azpimarragarririk egon.

Sindikatuak gustora agertu dira egunak izan duen harrerarekin. Iruñea eta inguruetan %50eko jarraipena izan dela nabarmendu dute eta D ereduko ikastetxetan jarraipena %70era ere iritsi dela azaldu dute.

Era berean, nafar sindikatu guztiak bat egin dutela goraipatu dute eta nafartarren nahi duten hezkuntza eredua Nafarroan bertan zehaztu behar dela aldarrikatu dute. Barcinaren Gobernuari hezkuntza erreforma ez aplikatzeko eskatu diote.

Manifestazio jendetsu batekin amaitu dute protesta eguna.