EH Bilduko ordezkari Ino Galparsoro eta Ainhoa Beolak alderdiaren kezka berretsi dute Onkologikoaren pribatizazioan ematen ahal diren urratsen inguruan. «Beste behin, Kutxako Zuzendaritzak logika ekonomikoa gipuzkoar guztion interes sozialaren aurretik jartzeko asmoa dauka, Onkologikoa hustera iritsi arte», esan dute.
Prentsaurrean aipatu dutenez, orain arte, pazienteek Onkologikoa aukeratu ahal zuten prebentzio kontsultak jasotzeko, «Onkologikoaren arlo indartsuenetako bat izan dena». Baina aukera hori «mugatu» eta Onkologikoari Kutxak jakinarazia zion «artatutako gaixoen kopurua mugatu beharra zuela».
Beraien arabera, Osakidetzan zitologia bat egiteko hilabeteak itxaron behar dira eta, itxaron gabe, Onkologikoan egiteko 100 eurotik gora ordaindu behar da.
Kutxa ikerkuntza eta garapen unitatea irekitzen pentsatzen ari dela ohartarazi dute, «baina etekin ekonomikoak buruan izanda». Horrek ez du zentzurik EH Bilduren ustez, «ikerkuntza pazienteek jaso beharreko tratamenduak hobetzeko izan behar delako eta, gainera, diru-sarrerak beharrean inbertsioak eta gastuak eragiten dituelako».
Ildo horretatik, EH Bilduk presazko bilera eskatu dio Kutxako Administrazio Kontseiluari, Onkologikoari buruz modu monografikoan hitz egiteko. Informazio falta ere salatu du, eta beharrezkotzat jotzen du gertakariak jakinaraztea.
Onkologikoaren publikotasuna berretsi du koalizio abertzaleak eta herritarren osasun interesak lehenesteko galdegin du.