Naiz.info
Donostia

Greba orokorra jarraipen zabala izaten ari dela nabarmendu dute sindikatu deitzaileek

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT eta CGT sindikatuek grebaren jarraipenaren lehen balorazioa egin dute eta zabala izaten ari dela iritzi diote. Gipuzkoan lanuztea ia erabatekoa dela ohartarazi dute eta gainontzeko lurraldeetan eguneroko lanean nabarmen eragin duela azpimarratu.

CANeko bulego bat, grebako kartelez beteta. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
CANeko bulego bat, grebako kartelez beteta. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Greba orokorra deitu duen gehiengo sindikalak lehen balorazio batean adierazi du deialdia jarraipen zabala izaten ari dela Hego Euskal Herriko lantegietan, gehienbat enpresa handietan. Irakaskuntzari dagokionez, grebak atxikimendu ugari jasoko dituela iragarri dute, aurreko egunetako asanbladetako emaitzak kontuan hartuta. EiTBn grebaren deialdiak «babes oso handia» jaso duela nabarmendu dute, gutxieneko zerbitzuak bakarrik bete direlarik.

Gipuzkoa

Gipuzkoan greba atxikimendu handia jasotzen ari dela azaldu dute sindikatuek. Enpresei dagokienez, handienek ateak itxi dituzte, LABek iragarri duenez. CAF, Indar, Rodisa, Niessen, Eztanda , TS Fundiciones, Angel Iglesias (Ikusi), Industrias Auxiliares, Elay Industrial, Fundiciones Wind Energy Casting, Muskgo, Cementos Rezola, Sarriopapel eta Unipapel dira adibideetako batzuk.

Donostian, Maria Cristina eta Londres hoteletako langileek bate egin dute lanuztearekin, baita Berkha, Autogrill eta Carrefour Olaberriak ere.

Eraikinen garbitasun publikoak «gehiengo zabal batez grebarekin bat egin du» eta udaletxe eta instituzio publikoetako langileen gehiengoak ere bai. Osasungintzan, «gehiegizko» zerbitzu minimoak izanik, «ia erabateko jarraipena du une honetan grebaren deialdiak».

Bizkaia

Eskualde desberdinetako enpresa esanguratsuenek bat egin dutela diote deitzaileek, Estampaciones Metálicas Bizkaia, CIE Udalbide, Camelot, Ormazabal, Mesa, Técnicas Hidráulicas, EGT, MFS Trapaga Sintering, Gea Ibérica eta Tecnichapa tarteko.

Cemosa, Mead, Cementos Lemona, Arkema, Cafes Baque, Artiach, Ekonor, Hijos de Lorenzo Sancho eta Unilever-en ere lanuztea egiten ari dira.

Osasungintzan, adineko pertsonen egoitzetatik ari dira jasotzen babesik handiena.

Garraio publikoari dagokionez, Eusko Tren edo PESAn gutxieneko zerbitzuak bakarrik izango dira.

Araba

Enpresa handietan (Mercedes, Michelin,....) jarraipen zabala espero dute sindikatuek. Beretta Benelli Iberica, Wind Energy Casting Fundiciones, Alestis, CIE Gameko eta Arcelor Savatierrak ixtea erabaki dute eta Aiarako eskualdean Inausa, Jez, Talleres Gometegi eta Kider-eko langileek grebarekin bat egin dute. Era berean, Bacalaos Gaytan eta Unilever Foods greban dira.

Arabako udal eta ikastetxe desberdinetako langileen lanuzteak ugariak izan dira, baita Gasteizko Udaleko eta instituzio publikoetako langileenak ere.

Nafarroa

Bortzirietan lanuztea «ia erabatekoa» da, sindikatuen arabera, eta Sakanan greba «oso zabaldua» dago. Magotteaux, Viscofan, Envasados Eva eta Norten enpresak jarri dituzte adibidetzat.

Leitzan, inguruko enpresarik handienak, Sarriopapelek, itxi egin du.

Erriberan Inabonos eta Ximenez y Cía gehiengoz geratu dira eta neurri txikiagoan Trenasa, SKF eta KPF.

Tafallaldean Fagor Luzuriaga, Pelzer del Norte, Netto Tafalla eta GKN Zarrakaztelu «esanguratsua den lanuztea erakusten ari dira».

Iruñerrian grebak «erantzun handia» izan du bertako enpresa handietan, hala nola, Papelera San Andres Newark edo Industrias Cárnicas de Navarra, KYBSE, Kayaba, TRW, Faurecia eta Pamplonican.

Lanuzteak zerbitzu publikoetan eragin nabarmena izan duela diote. Iruñea, Zizur Nagusia, Burlata, Atarrabia, Altsasu, Lesaka edo Tuterako udaletako langileek grebari atxikimendua erakusten ari dira.