NAIZ.INFO
TRICASTIN

Greenpeaceko hainbat ekintzaile Tricastineko zentral nuklearrean sartu dira, Estatu frantsesean

Greenpeace erakundeko hainbat ekintzaile Estatu frantseseko Tricastineko zentral nuklearrean sartu dira gaur goizaldean eta pankartak zabaldu dituzte itxi dezatela aldarrikatzeko.

Greenpeaceko 30 ekintzaile inguruk Tricastineko zentral nuklearrean sartzea lortu dute gaur goizaldean, zentralaren egoera salatu eta itxi dezatela aldarrikatzeko helburuarekin.

Sophia Majnoni erakundeko kideak France Info irratiari azaldu dionez, «arazorik gabe» iritsi dira ekologistak zentrala dagoen tokira eta pankarta bat jarri dute, ‘Katastrofearen presidentea?’ leloarekin, François Hollande presidente frantsesari erreferentzia eginez.

Ekintza honekin Hollanderi «erreakzionatzeko» mezua helarazi nahi izan diote, izan ere Tricastineko zentrala egoera txarrean dagoela salatu dute. Hala, konplexuaren lehenengo erreaktorean pitzadura bat proiektatu dute, zentralean aurkitu dituztenak gogora ekartzeko.

EDF konpainiako iturriek esan dutenez, Greenpeaceko kideak ez dira zentraleko «gune sentikorretara» sartu.

Barne Ministerio frantsesaren arabera, ekintzaile guztiak atxilotu dituzte jendarmeek 12.30ak aldera.

Tricastineko zentrala Avignon eta Valence artean dago, Estatu frantsesaren hegoaldean.