Gazi jardun du Patxi Lopezek Portugaleten EAJren marko berrirako proposamenaren inguruan; gozo, aldiz, eremu instituzional eta ekonomikoan PSEk eta jeltzaleek sinatu berri duten akordioaren gainean.
Portugaleteko egoitza berria abiarazteko ekitaldian hartu du hitza Patxi Lopezek, eta Gasteizko Legebiltzarreko Eztabaida Orokorraren biharamunean marko berri baterako bideaz Urkulluk esan dituenekin oso kritiko azaldu da. Lopezek kezka agertu du, Urkulluk Lizarra-Garaziko itunaren edo Ibarretxeren proposamenaren bidetik joko ote duen; eta hala bada, «bereizketaren garaira itzuli nahi badu, sozialistok parez pare izango gaitu», esan du.
Lopezen arabera eztabaida horrek «ez garamatza inora» eta «ez dago gizartearen beharrizan eta lehentasunen artean».
Lopezek kritikatu egin du osteguneko Legebiltzarreko Eztabaida Orokorrean gaiaz askorik esan ez zuelako Urkulluk. Hala ere, zerbait hitz egin zuten, antza; izan ere Lopezek esan du berretsi ziola Urkulluri «ezberdin pentsatzen dugunon arteko hitzarmenak elkarbizitza indartuko duela».
EAJ-PSE akordioa, Lakuako Gobernuaren «alternatiba»
Gozoago aste honetan bertan EAJrekin sinatu duten akordioaren inguruan aritu da. «Murrizketen bidea jarraituz» Lakuako Gobernuak aplikatu asmo zuen politikaren «alternatiba» dela esan du PSEren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako buruak. Hitzarmenari esker krisiari «inguruan egiten ari direnaren oso modu ezberdinean» egingo diotela aurre esan du.