Herriraren aurkako operazioa salatzeko mobilizazioetan zauritu zuen Ertzaintzak Amalur Mendizabal senataria eta gaur Gasteizko Legebiltzarrean izan da gertakariak azaldu eta Polizia autonomikoaren aurkako salaketa jarriko duela iragartzeko.
EH Bilduko zenbait kiderekin batera azaldu duenez, Guardia Zibila Herriraren egoitzatik ateratzen hasi zenean jazo zen gertakaria, Ertzaintza perimetroa kontrolatzen ari zela.
Tentsio uneak egon ziren eta Mendizabal senatari gisa identifikatu zuen bere burua eta, momentu horretan, ertzain batek bi aldiz kolpea emateko keinua egin zuela adierazi du.
Handik gutxira, zehaztu du, ezustean jaso zuen borrakada buruan eta, lurrean zegoela, zenbait kolpe gehiago jaso zituen.
Mendizabalek plaka zenbakia eskatu zion ertzainari baina, esan duenez, erantzun bakarra jaso zuen: anbulantzia abisatua zegoela.
«Desarme errepresiboa»
Senatariak adierazpenak egin aurretik, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak prentsaurrekoa eman du eta, adierazi duenez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuaren agerraldia eskatuko dute, jakiteko zein neurri hartuko dituen bai oldarraldia agindu zuenarekiko bai Mendizabal kolpatu zen ertzainarekiko.
Arzuagak erasoa egin zuen ertzainaren plaka zenbakia aipatu du (M8C3), eta gaineratu egungo Ertzaintza ez dela «herri honek merezi duen polizia».
Hori dela-eta, Arzuagak EAJri eskatu dio urratsak eman ditzala Ertzaintzaren «desarme errepresiboa» gauzatzeko.
«Ezin da horrelako erasoen aurrean ekidistantzia posizio bat eduki», ohartarazi dio legebiltzarkide abertzaleak Inigo Urkullu lehendakariari: «bakearen alde kokatzen zara, edo bakearen kontra dagoen espainiar Gobernuarekin kokatzen zara».