«Egiaren ordua» iragarria zuen Herrirak
Sarekadak helburu praktiko nabaria ere badu Estatuaren partetik, euskal eragile askoren artean jakina baitzen presoen giza eskubideen aldeko aurrerapauso handiak prestatzen ari zela Herrira. Urtarrileko erronka ez zen bakarra. Pasa den astean iragarri zuen mugimenduak «egiaren ordua» iritsia zela. Errotik moztu nahi izan du PPko Gobernuak.
Material informatiko eta paper asko aurkitu dituztela lau egoitzetan nabarmentzen zuten atzo polizia iturriek, hau albiste handia balitz bezala. Ez dago harritzeko arrazoirik, noski, baina are gutxiago Herrira euskal eragile askorekin izaten ari zen etengabeko harremanari erreparatzen bazaio. Lan emankorra izan da, hurrengo hilabeteotan dagoeneko aurreratuta zuen egutegiak nabarmentzen duenez. Hortaz, duda izpirik ez da Gobernuen helburuen artean presoen giza eskubideen aldeko gizarte olatu handi hori berriz urperatzea dagoela.
Zehaztapenik eman gabe, baina zetorren ofentsiba honen zertzelada batzuk emanak zituen Herrirak azkeneko asteotan, pausoz pauso. Adibidez, irailaren 14an Anaitasunan egindako ekitaldian 197/2006 doktrinaren aurkako Herritarron Epaia ekimenari amaiera eman zitzaion, baina aukera baliatu zuen ere urrats berri bat iragartzeko: urtarrilaren 11n Bilbon itsaso handi bat irudikatuko zuela, tantaz tanta. Erronka inoiz Euskal Herrian izandako lurralde okupazio handiena lortzean datza. Aurretik ere, Durangoko Azoka bitartean, abenduaren 7an, beste mobilizazio handi bat iragarria zuen, urtarrilekoari bidea errazteko. Herriraren ekimenek irudimena izan dute beti ardatz, honela erabaki baitzuen hasiera-hasieratik. Sare sozialak eta teknologia berriak oso garrantzitsuak bilakatu dira bere mezuak zabaltzeko, Barne ministroak berak aitortu duenez. «Sentsibilizazio tresna egokiak erabiltzea» ere bazen bere ezaugarrietako bat, 200 herri biltzarren erabakiaz.
Anaitasunako ekitaldian Jone Galartzak eta Egoitz Lasak berretsi zutenez, oso inplikazio zabala lortzeko ahalegin etengabean ibili da Herrira, inori ezkutatu gabe eta ahal zuen guztiekin hitz egiten. Izan ere, «gauza batzuetarako ez dira nahikoak bi, hiru, lau, sei lagun. Gauza batzuetarako herri oso bat behar da, eta hauxe da horietako bat». Helburua, hasieratik finkatu duten berdina, oso oinarrizkoa: «Salbuespen neurriekin ahalik eta lasterren bukatzea. Eta horretarako, epai batzuez edo mobilizazio batzuez haratago, benetako gizarte olatua behar dugu, Madrili eta Parisi giza eskubideak errespetaraziko dizkion gizarte mugimendu handi bat», adierazi zuten hizlariek.
«Ez engainatu, ez dute ezer oparituko»
Iraileko azken ostiraleko mezuan ere abiatzear duen erasoaldi horren iragarpen txiki bat egin zuen Herrirak: «Lan handiko ikasturte bizia izango da hau, segur aski. Gatazka konpontzeko oso garrantzitsuak izan daitezkeen elementuak izango ditugu, bereziki estatuek espetxe politikan duten jarrera immobilista gainditzeko. Beraz, egiaren ordua iristen ari da Herrira mugimenduarentzat. Gure esku dagoen guztia egin behar dugu, dudarik gabe zaila izango den prozesu honetan laguntzeko»
Sarekadaren iragarletzat ere har litezke herriz herri irakurri zen mezuaren hitz batzuk, aurrean zituen zailtasunez guztiz jabetu baita Herrira: «Begi bistakoa da Estatuek ez dutela pausorik eman nahi normalizazioan laguntzeko. Ez dute bake egoera lortzeko inolako interesik, eta behin eta berriz erakutsi dute sekulako mespretxua dietela giza eskubideei. Ez gaitezen engainatu: ez Madrilek ez Parisek ez digute ezer oparituko, eta are gutxiago preso eta iheslarien itzulera. Beraz, helburua betetzeko baldintzak euskal herritarrok sortu beharko ditugu».
Irizpide honekin Gizarte Foroaren barruan lan egin zuen Herrirak martxoa eta maiatza bitartean, baina bere dinamika propioak ere garatu ditu. Sakoneko asmoa, ekimen puntualen gainetik, urte honen hasieran Ficoban burutu zuen lehenengo biltzarren onartutakoa: «Salbuespen neurriak gainditzeko gizartearen gehiengoaren akordio berria eskuratzea».
Horretan ari zen Herrira mugimendua, atzo Bilboko Arriaga plazan bere lana aitortzeko bildutako eragile eta norbanakoen multzoa froga delarik, eta segur aski horregatik ere jo du kolpea Estatu espainolak. Ikusteko dago orain helburu hau lortu egingo duen edo altxatzen ari zen olatu hori are handiagoa bihurtuko duen sarekadak.