Tolosako Bentaundi auzoan izan da zita, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren omenezko monolitoa jarria dagoen plazatxoan. Ikurrina handi batez inguratua zegoen oroitarria, alboan txalaparta zuelarik. Pixkana joan da jendea gerturatzen eta 19.30etarako enparantza gainezka zegoen. Bertan egon dira, besteak beste, Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako arduraduna, senide eta lagunez gain.
Lasa eta Zabalaren senideak torturapean hildako gazteen erretratuei begira zirela, txalapartaren soinua zabaldu da lau haizetara. Jendea isilik, adi. Hala, Tolosako Sortuko ordezkari batek hartu du hitza, eta gero bertsolari gazte batek hartu dio txanda. Ondoren iritsi da ekitaldiko unerik hunkigarriena, bi gazteen amak monolitora gerturatu eta lore sorta bana utzi dutenean. Txalo zaparrada baten artean, «herriak ez du barkatuko» oihuak entzun dira.