NAIZ.INFO
DONOSTIA

Jendetza bildu da Arrasaten, Fagorreko langileek deitutako manifestazioan

‘Gure lanpostuen defentsan’ lelopean, oso jendetsua izan da Fagorreko langileek deituta ostiral eguerdian Arrasaten burutu den manifestazioa. «Enpleguarekin konpromiso irmoa» izan dezala eskatu diote Mondragon Korporazioari.

Manifestazioa San Andres auzoan Fagorrek duen egoitzatik atera da, eta Mondragon Korporazioaren egoitza nagusiaren atarian, Olandixon bukatu baino lehen, taldeko beste kooperatiba batzuetatik igaro da.

‘Gure lanpostuen defentsan’ lelopoean egin den manifestazioa isila izan da, eta txalo zaparradek baino ez dute isiltasun hori hautsi.

Mobilizazioaren bukaeran, enpresako Gizarte Kontseiluko presidente Exabier Arrietak ohar bat irakurri du, zeinetan Fagorreko kooperatibisteek «enpleguarekin konpromiso irmoa» exijitu dioten MCCri.

«Ondoko eskaerei erantzuna ematea eskatzen dugu: enpleguarekin konpromiso irmoa Fagor Etxetresnak eta Edesako ia 2.000 langabetuei irtenbidea eta baita zeharka eragingo diren kaltetuei ere», adierazi du.

Horrez gain, Kooperatibaren galerek eragindako bazkideen zorpetzeari «konponbide azkar bat» eta baita bazkideekiko bestelako betebehar ekonomikoei erantzuna ematea ere eskatu dute.

Azkenik, galdegin dute Fagor Taldeko bazkide izaera ez galtzea eta Fagor Etxetresnak eta Edesan 1.000 lanpostu izateko aukera babesten duen bideragarritasun planaren zehaztasun handiagoa eskatu dute.