Euskal Etxearen mendeurren ekitaldietan gertatutakoak soka luzea ekarri du. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek zorion mezua igorri zuen bideo bitartez, eta New Yorken zen Iñigo Urkullu lehendakariak ez zuen begi onez ikusi ekitaldian hura botatzea. Ezadostasunak izan zituzten antolatzaileek eta Lakuako ordezkariek, baina Euskal Etxeak onartu egin zuen bideoaren emanaldia bertan behera uztea.
Bertan gertatutakoa, ordea, Euskal Herriraino heldu zen Aitzon Azurtza presidente zenaren hitzen bitartez. Gogor salatu zuen berak Lakuako ordezkaritzak izan zuen jarrera.
Ondoren, bere aurkako zenbait informazio argitaratu dira komunikabideetan. Horien artean, aktore pornoa zela esaten zutenak. Horrek bere presidente kargua uztera eraman zuen.
Euskal Etxeko bazkideen batzarrak eskutitza igorri die bazkide guztiei, Azurtzaren aurka zenbait komunikabidek izandako jarrera salatu eta bere jarduna defendatzeko. «Narda ematen digu eta goibeldu egiten gaitu zenbait komunikabidek Aitzolen bizitza pribatuaz egin duen erabilera interesatua», esan dute.
Halaber, Izagirreren bideoaren harira sortutako polemikaren ildotik, Azurtzari zuzendaritza-kontseiluak hartu zuen erabakia berari eta solik berari egotzeko izan diren ahaleginak salatu ditu Euskal Etxeak. «Batzarrak bere egiten ditu zuzendaritza-kontseiluak hartutako erabakiak eta gure Euskal Etxearen burujabetzaren alde hark erakutsitako irmotasuna», dio eskutitzak.
Aitzol Azurtzak bazkideen «begirune osoa» duela azpimarratu dute eta Euskal Etxean egindako lana goratu. «Aitzoli gure elkartasuna adierazten diogu, Euskal Etxearen independentziaren alde bere buruaren kaltean egindako sakrifizioa eskertzen diogularik».