Xabier Izaga
Gasteiz

Harresien atzean itxaropena, ez lasaitua

Begi bistakoa da kaleko poza eta lasaitua Estrasburgoko Auzitegiaren epaia jakindakoan. Eta kartzeletan, nola jaso ote dute albistea? Zer gogoeta egin dute euskal presoek? Horren berri ez dakigunez, alegiazko bidaia egin dugu haien ondora.

Xabier Izaga.
Xabier Izaga.

Ospatzeko moduko albistea izan al da Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakia? Alegia, legearen interpretazio baten ondorioz hainbat presori zigorra luzatzea legez kanpokoa dela dioen ebazpena, pozteko motiboa al da?

Zalantzarik gabe, bai, ospatzekoa da epai hori. Giza eskubideen edozein urraketa seinalatu eta bertan behera uzteko ebazpenak pozik hartzeko modukoak dira, eta hala hartu dute euskal eragile politiko eta sozial gehienek Estrasburgoko Auzitegiarena, eta halaxe hartu dute, batez ere, euskal herritar gehienek. Kalera irten besterik ez zegoen atzo, poz giroaz ohartzeko. Zaila zen futbolaz ere hitz egiten entzutea.

Begi bistakoa da, beraz, kaleko poza eta lasaitua. Eta kartzeletan, ospatu ote dute? Nola?

Garai batean, orain aspaldi ez dela, Estatu espainoleko espetxeetan euskal preso politikoek txitean-pitean egiten omen zituzten ospakizunen berri ematen ziguten hainbat hedabidek. Atentatuak langostinoak eta tarta janez ospatzen omen zituzten; gainera, behar bezalako ospakizun baten legean, xanpain eta guzti. Batzuetan, (des)informazio horien arabera, atentatua gertatu baino lehen egiten zuten «ospakizun» bitxia. Baina Madrilgo gobernuek ere ontzat ematen zituzten kartzeleroen filtrazio zital horiek euren kontra bihurtu ziren halako batean. Zenbait biktima elkartek Gobernua salatu zuten, euskal presoei xanpainaz topa egiten uzteagatik eta, orduan, berak erraztutako manipulazioak gezurtatzen hasi zen sasoiko Gobernua, espetxeetan xanpaina debekatuta dagoela esanez.

Xanpainik gabe, baina bai, ospatuko dute, beren erara, poztu egingo dira. Bakartuta dagoena, bakarrik; lagunen batekin daudenak, elkarrekin.

Hamaika gogoeta etorriko zaizkio presoari burura. Lehenenik, etxekoekikoa. Aita-amak, bizi baldin badira, senarra edo emaztea, seme-alabak, lagunak. Eta kalea egiazko mundu gisa ez ezik, bera ere bizi litekeen leku gisa ere sumatuko du halako batean, kontatu izan dizkioten hainbat aldaketa bertatik bertara ikusi, ukitu, usaindu ahal izango dituela otuko zaio. Aspaldi handian ikusi gabeko lagunak nola aurkituko dituen... eta beharbada, berarekin batera jausi zen laguna gogoratuko du, orain dela bi urte lekuko gisa izan ziren epaiketa batean suertatu zirenekoa. Ondo gogoan ditu oraindik urteen joanak lagunaren aurpegian goldatutako arrakalak, eta behialako begirada bizi hura moteldua... Eta nola ikusiko dute bera?

Irratian Estrasburgoko ebazpenaren aurkako iritziak entzungo ditu etengabe. Hogeita hiru, hogeita zortzi urte «bakarrik» bete duena kartzelan atxiki behar dela diotenak. Irribarre egingo du, irribarre tristea, eta Joseba Sarrionandiaren «Misterio fiskala» gogoratuko zaio: «Zer eginen zenuke zuk, baldin eta bat-batean/ inmortala zarela abisatuko balizute?». Eta estatu terrorismoak aita hil zion lagun presoaz oroituko da, haren aitaren heriotzaren erantzuleei nolatan ez dieten 197/2006 doktrina ezarri galdetu gabe, nolatan ez duten kartzela zapaldu ere egin erantzun gabeko galdera da eta.

Poz handia hartuko du, baina ez lasaitua. Itxaropena ez da lasaitua. Izan ere, hitz hori bitxia, bakana, ia ezezaguna da barru haietan. Eta irten ondoren ere, halaxe izango du. Horregatik, bere pozean, halako mesfidantza gordeko du bere baitan, Madrilgo Gobernuak bere jarrera larderiatsua neurtu egin beharko duela iritzita ere.

Euskal preso gehienak ez dira legelariak, ezer gutxi dakite Zuzenbideaz. Baina ohituta daude kode penalen eta espetxe arautegien orrialdeak haztatzen, ohituta baitaude orrialde horietako arauei muzin egiten dieten epaile ebazpenak jasotzen, ebazpen horien ondorioak jasaten.

Pozik handiena, edonola ere, Estrasburgoko epaiak eragiten ez dien euskal presoek erakutsiko dute. Kalera doan presoarentzat ez da batere samurra horrenbeste denboran itxaron eta amestu duen momentu hori, ezingo du ustez dagokion poza kanporatu. Badaki, inork baino hobeto jakin ere, eta harresiaz bestaldean berretsiko du, atzean utzi dituen lagunak giltzapean diren artean ez dela libre izango.

Pozteko moduko ebazpena da, bai, atzokoa, legea hausten duena zigortzen duenak legea hausteak mereziko lukeen zigorrik ezartzen ez badu ere. Eta albiste pozgarria izan arren, giza eskubideak bermatzeko ardura dutenen urraketak zuzendu behar izatea penagarri samarra da.

Ongi etorri, Ines, bihotzez.