Astelehenetik Iruñeko San Lorenzo elizan itxialdian diren lagunek prentsaurrekoa eman dute beren ekintzaren arrazoiak eman eta datozen egunetarako plangintzaren berri emateko. «Itxialdia gure ekarpen xumea besterik ez da», esan dute, Sevilla II espetxean diren presoek jasaten duten salbuespen egoera salatzeko eta burutzen ari diren gose grebarekin elkartasunez.
Beren iritziz, ordea, Nafarroako eta Euskal Herriko jendarteak zein eragile sozial, politiko eta sindikalek «arduraz» jokatu behar dute egoera horren aurrean. «Ez dago minutu bat bera ere galtzerik», ohartarazi dute.
Hala, datozen egunetarako ekintzak iragarri dituzte eta, horien artean, eragile desberdinekin interlokuzio dinamika abiaraziko dutela jakinarazi dute. Asteazkenean eragile politikoekin bilduko dira lehenengo (16:30) eta sindikalekin ondoren (18:00). Ostegunean eragile sozialekin izango dute bilkura.
Salaketa dinamika ere abiaraziko dute, Iruñean barna egingo diren ekimenekin. Horien artean, datorren larunbaterako manifestazioa deitu dute. 17.00etan abiatuko da, autobus geltoki zaharretik.