NAIZ.INFO
GASTEIZ

Aldekoa izendatuta «zer nolako zerbitzuak saritu» nahi diren argitzeko eskatu du EH Bilduk

Iñigo Cabacas hil zuen operatiboko arduraduna Ertzaintzako buru izendatu izana gogor kritikatu du EH Bilduk. Polizia autonomikoaren lehentasunak gaztearen heriotza argitu eta ardurak garbitzea izan behar duela nabarmendu du koalizioak.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, Julen Arzuaga legelbiltzarkide abertzaleak gogor gaitzetsi du Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru berriaren izendapena.

Arzuagaren esanetan, «Aldekoaren izena eta polizia eredu berria esaldi berean jartzea guztiz lotsagarria iruditzen zaigu, sarkasmoa».

EH Bilduren ustez, Lakuako Segurtasun Sailak argitu beharko luke «zergatik hartu duen erabaki hori, zer zor dioten Aldekoa jaunari, zer nolako zerbitzuak saritu nahi dituzten igoera honen bitartez».

«Bere agenda politikoan Ertzaintzakizan behar duen lehentasuna bere bortizkeriaren ondorioak argitzea da, Iñigo Cabacasen heriotza guztiz argitzea, egia eta justizia osoa ematea; horrek izan behar du bere lehentasun nagusia», nabarmendu du Arzuagak.

Horren harira, Gasteizko Legebiltzarreko gainerako alderdiek auziari buruzko ikerketa-batzordea eratzea eragotzi zutela gogoratu du EH Bilduko ordezkariak, haien «moral bikoitza» salatzeko.

Izan ere, «zoru etikoaz mintzatzen zaizkigunak, ikerketa-batzordea sortzea galarazi duten berberak dira izendapen honen arduradunak, Iñigo Cabacas hil zuen operatiboko burua mailaz igotzearen arduradunak».