Amagoia MUJIKA
DONOSTIA

‘Sentitu, pentsatu, ekin’, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen liburu berria

25 urte bete dituzte pailazoek, 25 urte irripidean. Aitzakia nahikoa bada bidean gelditu eta atzera begira jartzeko, orain arte ibilitako bideari begiratzeko patxada hartzeko. Eta hori egin dugu. Liburu hau irripidean egindakoa da. Pailazoen saioetara bidean beren furgonetan jasotako hausnarketak dira gehienak. Une batez izenburua horixe izango zela uste genuen gainera: Irripidean.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen liburu berriaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen liburu berriaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Pailazoak biluztu egin dira. Urteotan emandako pauso asko ekarri dituzte gogora. Barre egin dute pasadizo asko kontatzerakoan, negar egin dute beste askorekin. Izan dira bote lasterrean, kasik pentsatu gabe, bota dituzten erantzunak. Izan dira isiluneak, hasperen sakonak eta bigarren botean etorri diren erantzunak. Eta izan dira, askotan gainera, abestiekin erantzun dituzten galderak. Izan ere, pailazoen kolore guztiak daude beren abestietan.

Pailazoen kontakizun guztiek izen propioak dituzte. Izan ere, pailazoak bidean egin dituzten lagunen kolorekoak dira. Herri batera edo bestera iritsi, beti dute lagunen bat zain, besoak zabalik. Zenbat eta zenbat jende. Eta zenbat eta zenbat esker on, muxu, hitz polit, egiazko besarkada, irakaspen. Pailazoek oso lagun onak dituzte, gauza asko ikasi dizkiete haiei. Kolore horiek, ikuskera horiek jasotzen saiatzen da liburu hau.

Pailazoen emanaldiak ederrak dira, baina berdin polita da muxuak banatzeko momentua. Pailazoak eta inguruan muxu eske joandako taldea, etengabe berritzen den haur eta gurasoen zirkulua, eta amaierarik gabeko ilara. Porrotxek besoetan hartzen duen neskato txikiaren ikara aurpegia, eta aitaren emozio ezkutatu ezina. Nola gerturatu den neskato hori Marimototsengana bere abentura lagunarengana bezala, mirespenez, eta nola berritu zaion Mertxeri irribarrea beste ordu pare baterako. Eta Pirritx, panpoxa, moñona. Multzoan datorren haurra hartzen du, suabe-suabe. Denbora gelditzen du, iskanbila isildu, eta une horretan haurra munduan bakarra balitz bezala sentiarazten du bere besoetan estututa. Magia hutsa.

Eta halako batean iristen da aldagelara erretiratzeko ordua, eta pintura garbitu eta sudurgorria kentzekoa. Eta bisitek jarraitzen dute eta lagunak hurbiltzen dira aldagelara beren kontuak kontatzera, berdin pozak eta tristurak. Eta pailazoak, beti besoak zabalik.

Ikusi ditut pailazoak nekatuta eta erdi lo etxera bidean; ikusi ditut erdi gaixo emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago, hunkituta bezperan jasotako heriotza baten berria aipatzen, larrituta kasik Pupu eta Lore etxean utzita abiatu direlako, kezkatuta haiek zangotrabatu nahian dabiltzan politikoak direla-eta; ilusio handiarekin proiektu berri baterako aukera zabaldu zaielako... Baina beti eta beti ikusi dut oholtza gainean profesional talde bikaina, dena ematen duena. Eta oholtzatik jaitsita, pertsona talde bikaina, jendartea beste norabide batean eraiki daitekeela erabat sinistuta dagoena.

Mundu ikuskera horren koloreak jasotzen ditu liburu honek.