Idoia ERASO
BAIONA

Presoen eskubideen alde, Lannemezanerako martxan parte hartzeko deia egin dute

Lannemezaneko espetxean dauden sei euskal presoen eskubideak aldarrikatu eta haiei elkartasuna adierazteko martxa antolatu du Herrirak larunbatena. Gaixotasun larria duen Ibon Fernandez Iradi presoaren arrebak nebaren kasuaren berri eman du.

Lannemezaneko espetxean dagoen Ibon Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza du, eta haren arreba Anek nabarmendu egin du preso egoteak dakarren arriskua.

«Baliabide murritzekin eta ahal duen moduan» bere nebak borrokan jarraitzen duela azaldu du Fernandez Iradik. 

Duen eritasuna diagnostikatu aitzin bi urte pasa zituen. Urte hasieran diagnostikoa eman zioten eta orain eritasun larriagatik espetxetik atera ahal izateko prozedura abiatu du. Zigorra eteteko eskubidea aplika diezaioten eskatzen du, eritasuna preso egotearekin bateraezina den kasu guztietan horretarako eskubidea dagoelako.

«Epeak ez ditugu galdetzen, badakigulako atzeratzen direla etengabe, badakigulako ez dagoela erantzunik», nabarmendu du.

Ane Fernandez Iradik esan duenez, «gaixotasuna zein den ez jakitea zaila da, ez zaizkionean frogak egiten, ez duenean arreta minimoa jasotzen eta denbora pasa eta pasa ari denean».

Arreta minimoa jasotzen badu ere eritasunak beharko luken tratamendua ez du jasotzen: «Eguneroko bizia ez dugu zehazki ezagutzen, oso gaizki ez baldin badago, ez du berarekin dugun denbora eskasa horretan jardun nahi. Imaginatzen dut bere minak eta bere molestiak dauzkala, bere borrokan ahal den bezala segitzen du, dituen ahal murritzak baliatuz, zaintzen», esan du.

Lannemezanera martxa

Iradiren berari eta Lannemezanen dauden gainerako bost presoei –Frederik Haranburu (24 urte preso), Didier Aguerre, Iñaki Esparza, Jose Ramon Lete eta Joseba Segurola– babesa adierazteko, Herrira mugimenduak martxa bat antolatu du larunbaterako, «Presoen eskubideen defentsan denak Lannemezanera!» lemapean.

Martxa honekin, «gure presentzia markatu nahi dugu presondegi baten aitzinean, alde batetik Frantzia eta autoritate penintentziarioak interpelatzeko eta bestetik, presoei gure elkartasun handiena adierazteko» azaldu du Herrirak.

Datozen hilabeteotan, Herrirak Gobernu frantsesa «eskubideen urratzailea» dela salatzeko kanpaina eramango du aurrera.

Larunbatean, programa zabala izanen da: txalaparta, bertsolariak, Herriraren hitz hartzea, egunerako bereziki konposatua izan den kantuarekin prestatu den flashmoba, presoen hitza eta bukatzeko aperitifa, txistorrak eta pik-nika.

Itzulera arratsaldeko 15.00etan eginen da.

Lannemezanera joateko autobusak antolatu ditu Herrirak Donibane Garazi, Baiona eta Donibane Lohizunetik.