Aurreikuspenak bete dira eta Maialen Lujanbio, gaur egungo txapelduna, eta Amets Arzallus sailkatur dira arratsaldean buruz burukora. Orain dela lau urte bezala, Lujanbio eta Arzallus, aurrez aurre.
Izugarrizko maila erakutsi dute bertsolariek oholtza gaineko bat-bateko magia sortzaile lanetan. Bertsolari denek marraztu dituzte gailurrak eta majo eskertu ditu bertsozaleak. Txaloak nahikoa ez zirenean, hankekin lurra joaz egin du txalo jendetzak. Maialen Lujanbiok ariketaz ariketa josi du goizekoa eta kartzelako zoragarri batekin errematatu du finalaren lehen zatia.
Benetan hunkigarria izan da hernaniarraren kartzelakoa. Hauxe zuten gaia: Egoerak beste aldean jarri zaitu. Oso ideia desberdinetatik abiatu dira bertsolariak eta eskertzekoa izan da aniztasun hori.
Aitor Mendiluzek saioa berotu ahala hartu dio neurria eta apartatzeko modukoak utzi ditu. Seiko motzean, esaterako, lan bikaina josi du Amets Arzallusekin.
Sustrai Colinak oso lan ona egin du, ariketa denetan maila eman du eta lortu du jendearengana iristea. Amets Arzallusen saioa izugarria izan da. Hasierako agurretik sumatu da jendeak Arzallus aupatzeko gogoa duela gaur eta berak erantzun egin du.
Igor Elortza, beretik, dotore, zorrotz, fin. Saio ederra, orain arte egindako bidea bezala. Aitor Sarriegi ez da goitik hasi, baina goian bukatu du, kartzela ederra eta oso txalotua josiaz. Beñat Gaztelumendi kikildu gabe, gauza ederrak utziaz. Bera izan da goizeko azken agurra bota duena, gazteenaren lana izaten baita hori. Hauxe kantatu du: «Gazteenaren harrokeriek ondorio hau dakarte/ baina ohore bat da izatea oholtza handi honen parte/ ta orain danok jatera/ joango gera batera/ fokoetatik aparte/ egoerak berriz alde banatan ipintzen gaituen arte».
Unai Iturriaga ere ondo aritu da, bere berea duen sinadura propioz. Goizekoa, gozamena. Arratsaldean berriz, buruz burukora sailkatzea lortu dute Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek.