NAIZ.INFO
DONOSTIA

Espetxe politikan aldaketa exijitzeko hilaren 28an Martutenera joateko deia egin dute

Sevilla II espetxean dauden euskal presoen senide eta lagunek salatu dutenez, presoen egoerak ez du hobera egin eta «eskubideen urraketa sistematikoa» eguneroko gauza da espetxe guztietan. Hilaren 28an Martuteneko kartzelara egingo den martxan parte hartzeko deia egin dute, presoen eskubideak defenda daitezen eta beste espetxe politika bat aldarrikatzeko.

Sevilla IIn dauden presoen senide eta lagunen agarraldia. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Sevilla IIn dauden presoen senide eta lagunen agarraldia. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Sevilla IIn espetxeratuta dauden euskal presoen senide eta lagunek agerraldia egin dute Donostian eta hilaren 28an Martuteneko kartzelara egingo den martxan parte hartzeko deia egin dute.

Ainhoa Landabereak eta Itziar Arruartek salatu dutenez, presoen eskubideen urraketak ez du etenik Estatu espainoleko espetxeetan eta Sevillan gertatzen dena «ez da salbuespena».

Euskal Herrian «ziklo politiko berri batean bizi arren espetxe politika ez da egoera horretara egokitu, guztiz kontrakoa baizik, okerrera egin du», salatu dute. Ildo horretan, espetxe guztietan «eguneroko errealitate gordina da presoen eskubideak sistematikoki urratzen dituztela», erantsi dute. Isolamendua, miaketak, jipoiak eta mediku asistentzia eza jarri dituzte adibidetzat.

Hala, espetxe politika «mendekua irizpide gisa» duen «salbuespen neurrietan» oinarritzen dela nabarmendu dute.

Kartzela politikan aldaketak exijitzeko hilaren 28an Martuteneko espetxera egingo den martxan parte hartzeko deia egin dute. Bi zutabe abiatuko dira, bata 11.20ean Egiatik eta bestea Astigarragatik. Ekitaldia egingo dute 13.00etan espetxearen atarian.