Krisiak gogor kolpatu ditu bazterrak Europan, baina inori jipoia eman baldin badio, kontinentean bizi diren emakumeei izan da. Gero eta gehiago dira, izan ere, bazterketa sozial eta pobrezia egoeran bizi diren emakumeak. Talde horretan sartzen direnen portzentajeak Europan bizi diren emakemeen egoera ekonomikoaren argazki larria erakusten du, lau emakumeetatik bat aipatu egoeran baitago uneotan.
Poltsikoetan izan duen eraginetik harago doa, ordea, krisiaren eragina; hainbat adituren ustea da emakumeek lan munduan duten lekuaren inguruko aurreiritziak eta gizarte imajinarioa bera ere gogor kolpatu dituela.
Krisiaren lehen eraginak gizonen enpleguan nabarmendu ziren gehienbat, nabarmen maskulinizatuta zeuden alorrak kolpatu baitzituen lehenik eta behin, eraikuntza sektorea, besteak beste. Krisiaren atzaparrak, ordea, emakumeengana zuzendu ziren pixkanaka-pixkanaka. Sektore publikoan egin diren murrizketek, adibidez, emakumeak kaltetu dituzte batez ere, hezkuntza, osasuna edota zerbitzu sozialak bezalako sektore feminizatuetara iritsi baitira batik bat.
Europar Batasunak berak helburu jarritako zifretara iristea, beraz, ezinezkoa gertatuko da. Izan ere, 2020rako emakumeen laneratzea %75ekoa izatea zen xedea, baina oraindik orain portzentaje horretatik oso urrun dago errealitatea. Egun, batezbestekoa %62,3koa da –2013 amaierako datuak dira–. Europako estatuen buruan uneotan Suedia (%76,8) dago, eta, zerrendaren atzealdean, Estatu espainola (%54), Italia (%50,5), Kroazia (%50,2) eta Grezia (%45,2).
Soldata desberdintasunak
Lan merkatuan emakume eta gizonek duten parte hartzea desberdina bada, bertan aritzeagatik ordainetan jasotzen duten soldatan ere alde nabarmenak daude. Europako Batzordeak kaleratu dituen azken datuen arabera, emakumeek, batez beste, gizonek baino %16,4 gutxiago kobratzen dute. Hala ohartarazi zuten otsailaren azken egunean ospatu zen Soldata Berdintasunerako Europako Egunean. «Azken urteotan soldata-arraila apur bat baino ez da murriztu. Hori gutxi balitz, joera hori batez ere krisiagatik gertatu da, honek gizonen soldatak jaitsarazi dituelako. Emakumeen soldatak ez dira igo», azaldu zuen Viviane Reding Europako Justizia komisarioak. «Lan berdina egiteagatik soldata berdina jasotzea Europar Batasuneko oinarrizko printzipioetako bat da, baina, zoritxarrez, oraindik ez da errealitate bat Europan».
Datuak argigarriak dira zentzu horretan: «Europan emakumeek urtero 59 egun lan egiten dituzte ‘dohainik’». Zenbait estatutan, gehiago. Izan ere, soldata-arraila handitu egin da azken urteotan Hungarian, Portugalen, Estonian, Bulgarian edota Estatu espainolean.
Arrazoi ugari daude soldata desberdintasun horiek azaltzeko, baina, guztien artean, Batzordeak berak oraindik orain lan merkatuan dagoen diskriminazioa nabarmendu du; zuzena, lan bera egiteagatik emakumeek gutxiago kobratzea dakarrena, eta, zeharkakoa, emakume eta gizonengan eragin desberdina duten jarduera edota politikak aplikatzetik eratorritakoa. Badira, ordea, egoera horretan zeresana duten beste arrazoi batzuk ere, esate baterako, emakumeei lotzen zaizkien trebetasun eta gaitasunei ematen zaien balore murritzagoa, batez ere, feminizatuak dauden sektore eta alorretan.
Estatuen arteko aldeak
Europar Batzordearen arabera, soldatetan dagoen aldea murriztea ezinbestekoa da hainbat arrazoirengatik: «Argi dago soldata berdintasuna lagungarri dela justuagoak eta berdinzaleagoak diren gizarteak sortzeko, oinarrizkoa europar ekonomiak sustatzeko, eta onuragarria lan merkatu eta langileentzako, besteak beste, emakumeen talentua erakartzen lagunduko duelako». Bide horretan pausuak emateko estatuek hartzen dituzten neurriak, ordea, oso desberdinak dira. Finlandian soldata berdintasuna lortzeko plan zehatzak dituzte; beste estatu batzuetan, Estatu espainola edo Estonia kasu, Soldata Berdintasunerako Egunak antolatzera mugatzen dira neurriok.
Lan merkatutik erretiroa hartu ostean ere emakume eta gizonen egoera oso ezberdina da Europar Batasunean. Batez beste, emakumezko pentsiodunek gizonezkoek baino %39 gutxiago kobratzen dute. Emakumeek askoz ere aukera gehiago dituzte, beraz, zahartzaroan txirotasun egoeran bizitzeko, pentsio txikiagoa ez ezik, bizitza esperantza altuagoa ere badutelako. Datuek diote 75 urtez gorako emakumeen %22 txirotasun atalasearen azpitik bizi direla Europar Batasunean eta askoren bizitza kalitatea oso apala dela.
Pentsio baxuagoak jasotzeko arrazoien artean emakumeek lan merkatuan emandako denbora dago, besteak beste. Emakumeak lan merkatuan barneratu badira ere, datuek diote oraindik orain gizonek baino ordu gutxiago egiten dituztela lan, eta, horrek, noski, eragina du bai beren ibilbide profesionalean, bai soldatan bai etorkizunean izango dituzten pentsioetan. Estatutik estatura, baina, alde handia dago, Europako Batzordeak iazko datuak kontuan hartuta egin duen txostenak jaso duen moduan. Zenbait estatutan, lan egiten duten emakumeen portzentajea altuagoa da, adibidez Alemanian, Herbeheretan, Austrian edo Britainia Handian –lanaldi murritzagoak izan ohi dituzte–. Beste estatu batzuetan, berriz, Estatu espainolean edota Irlandan kasu, emakumeek lan merkatuan duten parte hartzea murritzagoa da; aldiz, lanaldi murriztuak ez dira hain portzentaje altuan ematen.
Hainbat uste indartu
Batzordearen arabera, oinarrizkoa da bi norabidetan lan egitea egoera errotik aldatzeko: batetik, emakumeek lan munduan duten parte hartzea handitu behar da, eta, bestetik, emakumeek eta gizonezkoek pareko lanaldiak izan ditzaten lortu behar da. Zentzu horretan oinarrizkotzat jo du lan malgutasuna gizon zein emakumeei zabaltzea, etxeko eta zaintza lanen partekatzea areagotzeko pizgarriak ematea, eta zaintza lana lan ordainduarekin bateragarri egiteko zaintza estruktura egoki bat abian jartzea. Aldiz, krisiak azken alor hori are eta gehiago estutu du oraindik ere.
Poltsikoan gogor, baina pentsamenduan ere izan du zeresana krisiak, baita erakundeen lehentasun zerrendan ere. Jakina da hainbat estatutan berdintasuna sustatzeko osatu ziren erakundeak bertan behera geratu direla krisiak aurrekontuak estutu dituenean. Ezaguna da, era berean, zaintza alorrean duten pisuagatik emakumeak direla gizarte zerbitzuen onuradun nagusiak, eta, ondorioz, zerbitzuok murrizteak bereziki kaltetu dituela.
Emakumeek lan merkatuan duten eta izan beharko luketen lekuaren inguruko usteak ere esanguratsuak dira oso. Europako Batzordeak berak ohartarazi duenez, orokorrean, gizonen langabezia emakumeena baino larriagoa dela pentsatzen da gizartean. Izan ere, emakumearen kasuan, eremu publikoa baino pribatua lehenesten da kasu askotan.
Krisia hasi aurretik ere izan baziren estereotipo hainbat indartu egin dira eskasia garaian, besteak beste, emakumeen eskubideen defentsan egiten zen lanak eta haiek lan merkatuan duten lekua handitzeko ezarritako kuotak beste eskubide batzuekin talka egiten dutela uste dutelako askok. Emandako aurrerapauso asko, beraz, atzerabidean daudela ohartarazi dute feministek. Krisiak emakumeen poltsikoetan egin du, izan ere, zulorik handiena.