Aimar Etxeberria
Donostia

1960 eta 2010 bitarteko tortura kasuak ikertuko ditu Lakuak

Lakuako Gobernuak torturari buruzko azterlan baten zuzendaritza zientifikoa enkargatu dio Paco Etxeberria antropologo forentseari. Ikerketa lan hau EAEn 1960 eta 2010 bitarteko tortura kasuetan zentratuko da. Ekainean hastea aurreikusten dute.

Paco Etxeberriak eta Jonan Fernandezek Donostian egin dute agerraldia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Paco Etxeberriak eta Jonan Fernandezek Donostian egin dute agerraldia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuko Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek eta Paco Etxeberria, EHUn Auzitegiko Medikuntza irakasle eta Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak EAEn 1960 eta 2010 bitartean jazo diren tortura kasuen inguruko azterlan baten berri eman dute. Ekimenaren zuzendaritza zientifikoa Paco Etxeberriak eramango du, Kriminologiaren Euskal Institutuaren babesarekin.

Lana hiru etapatan banatuko dute. Lehen etapan –6 eta 8 hilabete artean iraun dezakeena– arazoaren neurriari hurbilketa bat egiten ahaleginduko dira, tortura salaketen kopuruaren inguruan kuantifikazio «fidagarri» bat eginez. Bigarren etapa –9 eta 12 hilabete artekoan–, aldiz, salaketa horien sinesgarritasunari erreparatuko diote, banakako kasuen kopuru nahikoa aztertzearen bidez, hurbilketa estatistiko orokor bat egingo dutelarik.

Hirugarren eta azken etapan –3 eta 5 hilabete artekoan–, errekonozimendua, konponketa eta prebentzioari lotutako ondorioak eta gomendioak emango dira. Azterlanarekin ekainean hastea aurreikusten dute eta bi urte pasako iraupena izan dezake.

Etxeberriak azterlanaren inguruko bi klabeen berri eman du: zilegitasuna eta objektibitatea. Haren esanetan, nahiz eta aferaren inguruan beste hainbat ikerlan egin diren, Lakuako Gobernuaren iniziatiba izateak bestelako dimentsioa emanten dio berak zuzenduko duen lanari. Bestalde, lan guztia objektibitatez egingo dutela aurreratu du.

Euren jarduna «Istanbuleko Protokoloan» oinarrituko dutela iragarri du eta helburua prebentzioaren ideian sakontzea izango dela adierazi du.