Idoia ERASO
Entrevue
MANEX PAGOLA
Euskal idazle eta abeslaria

«Askatasuna da kantuen egiteko gutizia eta indarra eman didana»

Landibarren sortua, Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea da, kantu hitzen eta doinuen egilea eta Baionako Euskal Museoko kargudun ohia. Martxelin Arbelbiderekin plazetan kantuz ibili zen, eta beraien laurogei kantuak «Biziaren altzotik» liburuan argitaratu zituen. Seaska eta Enbatako sortzaileetako bat izan zen. Sarako Idazleen Biltzarrean saritua izan da.

 

Eremu anitz landu dituzu zure bizitzan zehar; literaturaren arloan bereziki nabarmena da zure kantugintza, bai zuk abestutakoak, bai beste artista batzuen ahotsetan ezagunak egin diren kantuak.

Bai, azpimarratu behar da, interpreteek, Peio eta Pantxoak, Anje Duhaldek eta beste kantari batzuek egin duten lana. Horiek gabe nire kantugintza ez zen hain ezagutua izanen. Nik ez baitut izan ez asti ez gogo gehiegirik plazetan ibiltzeko, horretarako laguntza handia ekarri didatela uste dut.

Horietariko batzuk klasiko bilakatu dira. Zer sentitzen duzu gaur egungo haurrak zure hitz horiek kantatzen entzutean?

Plazer handia egiten du, ikusten da gauza bat saiatzen denean eta kausitzen denean balio duela gerorako ere. Ez dakigu noiz arte, baina eginak hor dira beti.

Egindako lanari begira, zeintzuk dira zure kantuetan garrantzi gehien izan duten gaiak?

Uste dut gehienak kantu abertzaleak direla, Euskal Herriari buruzkoak. Baina saiatu naiz ere gai sozialak erabiltzen, irri egitekoak edo lanbideak sortzen dituen problemak aipatzeko. Ez gara beti zeruari begira egoten ahal, eta gai sozialak biziki inportanteak dira.

Zuk egin dituzun kantuen artean bat hautatu beharko bazenu, zein litzateke?

«Askatasuna», Peio eta Pantxoak oso ederki ematen dutena. Niretzat hori da kantuen egiteko gutizia eta indarra eman didana, askatasunari buruz ari gara denak, preziorik ez duen bertutea dela, eta horrekin gauza anitz egin daitekeela. Lehen arnasa uste dut askatasunarena dela, baina lotu behar zaio zuzentasunari.

«Biziaren altzotik» liburuan bildu zenituen zure kantu ezagun guztiak. Nolakoa izan zen sorkuntza?

Momentu batean eta aski luzaz, eskatzen zizkidaten handik eta hemendik, kantu horien hitzak. Galdera asko nituen, Korrika ere bazen, eta pentsatu nuen zergatik ez nuen publikatuko kantu zerrenda bat. 80 atera dira, geroztik baditut eginak beste 50 bat. Halako batean publikatuko ditut astia dudanean.

Beraz, zure obra guztia biltzeko asmoa duzu liburu berri batean.

Bai, eta nahi nuke musika notekin ere atera, baina ni ez naiz aski kapable musika notak behar bezala jartzeko, eta horregatik dei eginen diot lagun bati, eta konpontzen dugunean dena argitaratuko dut.

Baionako Euskal Museoan lanean aritu zinen. Azken urteotan aldaketa handia izan da bertan eta jende gehiago hurbiltzen da. Nola ikusten duzu aldaketa?

Uste dut garapen polita dela, museoa zeharo aldatu dute. Nik lehengo museoa ezagutu dut, Haritschelharrekin eta beste langileekin eraman genuena, eta oraingoa pixka bat hotzago sentitzen dut, baina modernoagoa dela uste dut. Ikerkuntzarako balio duen tresna ona da, etnografia eta etnologiari buruzkoa batez ere. Garapena gorantz ari da beti, eta hori gauza ona da Euskal Herriko museorik interesanteenetariko bat baita. Uste dut merezi duela ezagutua izatea eta asko erakusten duela.

Beste eremu batzuetan ere lan handia egin duzu; Seaska edo Enbata bezalako mugimenduen sorreran izan zinen. Egoera anitz aldatu da garai haietatik, sorreran gaizki ikusiak ziren, eta gaur egun gizartean toki garrantzitsua dute. Nolakoa izan zen sorrera eta nola ikusi duzu zuk urte hauetako eraldaketa?

Oso urte bereziak izan ziren, nahiko gogorrak. Guk genuen asmoa nahi genuen herrian zabaldu, baina kontrakoak asko eta mota askotakoak ziren. Uste dut batzuek eta besteek nahiko kemen izan genuela iraultzeko, gurean sinisten genuen eta kontrastatua zen gizartean zuzen ginela. Momentu gogorrak izan dira, kasik etsitzekoak, baina taldean aritzeak indarra ematen zuen, baita itxaropena ere.

Orain etorri dira urteak non gure aspaldiko asmoak loratzen hasi baitira, eta banatu dugun Euskal Herri osoaren, handiaren, kontzeptuak asko ekarri du. Uste dut lehen genituen Euskal Herriaren asmo horiek askatasunera eramanen gaituztela eta bide horretatik uste dut ezin dela atzera bueltarik egin, aurrera joanen garela.

Joan den urtean Saran saritua izan zen eta 2013an zendu zen Jean Haritschelharrekin lanean aritu zinen. Zer nabarmenduko zenuke berari buruz?

Politika mailan gutxiago, baina kultura mailan bereziki izan da izar handi bat. Langile handia zen, burua asko erabiltzen zuen eta uste dut anitz gauza landatu dituela Euskal Herri osoan eta Iparraldean gehienbat, baina Euskal Herri osoan Euskaltzaindiko buru izan zelako eta beti talde lanean aritu zelako.