NAIZ.INFO
BAIONA

Ibon Fernandez Iradiren zigorra eteteko eskaera maiatzaren 12an aztertuko du epaile batek

Maiatzaren 12an aztertuko dute Ibon Fernandez Iradi presoak ezarri zioten zigorra osasun arrazoiengatik eteteko egin zuen eskaera, Herrirak jakinarazi duenez.

Osasun alorreko hainbat profesionalek agerraldia egin zuten Baionan otsailean, Fdez. Iradiren askatasuna aldarrikatzeko. (Bob EDME)
Osasun alorreko hainbat profesionalek agerraldia egin zuten Baionan otsailean, Fdez. Iradiren askatasuna aldarrikatzeko. (Bob EDME)

Ibon Fernandez Iradik ezarri zioten zigorra eteteko eskaera egin zuen duela urtebete, gaixotasun arrazoiak tarteko. Izan ere, gaixotasun larria du –esklerosi anizkoitza– preso lasartearrak eta rritasun hori egoki artatzeko osasun arloko ekipo pluridiziplinar baten zaintza behar da: neurologo, psikatra, logopeda, oftalmologa, fisioterapeuta... Kartzelan dagoen egoeran gaixotasunak okerrera egin du.

Herrirak jakinarazi duenez, heldu den maiatzaren 12an aztertuko du epaileak Fernandez Iradiren eskaera. Bere gaixotasunaren inguruko prozesu guztia zenbat luzatu den salatu du Herrirak –2010ean atzeman zizkioten lehen sintomak— eta horregatik eskaera onartua izan dadila exijitu du.

Eskaera onartuko balitz, sei hilabetero osasun azterketak egin beharko lituzke lasartearrak, bere gaixotasuna espetxearekin bateragarria ez dela frogatzeko. Aske geratuko litzateke baldintza batzuekin, tratamendua kartzelatik kanpo segi ahal izateko.

Aldiz, epaileak atzera botako balu eskaera, Parisen helegitea aurkeztuko dutela adierazi zuen Maritxu Paulus Basurco abokatuak otsailean profestional talde batekin egin zuen agerraldian.

Giza katea maiatzaren 10ean

Fernandez Iradiri elkartasuna adierazteko maiatzaren 10ean giza katea antolatu du Herrirak Baionan, goizeko 11.00etan, Herriko Etxetik suprefeturara.