Euskal Herria, Katalunia eta Galiza eskutik izan dira EH Bilduren Donostiako hauteskundeetako ekitaldian. BNGrekin batear ekin dio koalizio independentistak hauteskundeei eta Xavier Campos galiziarra izan da gaurko ekitaldian Josu Juaristi hautagai euskaldunarekin batera. CUP kataluniarrak azkenean hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen arren, koalizio abertzaleari babesa ematera etorri da David Fernandez.
Josu Juaristik Euskal Herria independente baten aldeko bozka baliagarri bakarra EH Bildurena dela esan du eta Euskal Estatua Europan eraikitzeko bidean Galiza eta Katalunia bidelagun izan nahi dituela. «Gure herriaren eta herritarren eskubideen aldeko ahotsa izango gara Bruselan eta era berean, Galiza eta Paisos Catalans errebeldeen ahotsa izan nahi dugu», esan du.
Erabakitzeko eskubidea ere hizpide izan du Juaristik eta ukatu egin du abertzaleen proiektua denik: «demokrazia kontua da». EH Bilduren Europako Parlamenturako hautagaiaren arabera «ezin da demokrata izan herrien erabakitzeko eskubidea onartzen ez bada».
David Fernandezek (CUP) «erabateko burujabetza politikoa eta ekonomikoa» aldarrikatu ditu, «herrien garaia edo merkatuen tirania», esan du. Katalunian irekitako bidea aipatu ostean, azaroaren 9ko galdeketa izan du hizpide, bere babesa agertu dio EH Bilduri. CUPek hauteskundeetan ez parte hartzea erabaki arren bere babesa duela koalizioak esan du.
Xavier Campos (BNG) galiziarrak Europar Batasunaren politikak herrien eta herritarren interesen aurkakoak direla salatu du eta Herriek Erabaki koalizioa erabakitzeko eskubidearen aldeko babesa Europara eramateko tresna egokia izatea espero duela.