NAIZ.INFO
ONDARROA

Martxa egingo dute bihar Navalcarneroko espetxera, Ibon Iparragirreri babesa adierazteko

Ibon Iparragirre presoari elkartasuna helarazteko martxa egingo dute bihar Navalcarneroko espetxera Ondarroatik.

Maiatzaren 8an bizikleta martxa egin zuten Ondarroan, Iparragirrerekin elkartasunean. (IPARRA GALDU BAIK)
Maiatzaren 8an bizikleta martxa egin zuten Ondarroan, Iparragirrerekin elkartasunean. (IPARRA GALDU BAIK)

Iparra Galdu Baik plataformak antolatuta, Navalcarneroko espetxera martxa egingo dute bihar, Ibon Iparragirre ondarroarrari elkartasuna adierazteko. Goizeko 5.30ean abiatuko da autobusa Ondarroatik.

Igandean, berriz, elkarretaratzea egingo dute Ondarroako Alamedan, aurreko asteetan bezala.

Iparragirrek gaixotasun larria du eta 2011ko urritik etxean zegoen, espetxealdi arinduan. Joan zen martxoaren 7an, ordea, atxilotu egin zuen Ertzaintzak eta espetxeratu egin zuten berriro. Hasiera batean Basaurira eraman zuten, baina apirilaren 23an Navalcarnerora urrundu zuten.

Atzera etxera eraman dezatela exijitzeko hainbat ekimen egin dituzte senide eta lagunek, eta biharko martxa ere dinamika horretan kokatzen da.

Plataformak ohartarazi duenez, Iparragirreren egoera «okerrera doa egunetik egunera» eta bere eskubideak eta bere ingurukoenak ere «urratuak dira egunez egun». Ondarroarra etxeratu dezatela aldarrikatzeko egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egin du Iparra Galdu Baik-ek.