NAIZ.INFO
BILBO

Gatzaren Matxinadan hildakoak gogoan hartuz, eskubideak borrokatzera deitu du EH Bilduk

Koalizio abertzaleak omenaldia egin die Bilbon Gatzaren Matxinada delakoan parte hartzeagatik Espainiar agintarien aginduz hildako lagunei. Hari horri tiraka, «Euskal Herri errebelde eta borrokalariarekin» bat egin eta eraldaketa soziala eta burujabetza aldarrikatu ditu EH Bilduk.

Josu Juaristi, Gatzaren Matxinadan hildakoei eginiko omenaldian. (@alternatiba)
Josu Juaristi, Gatzaren Matxinadan hildakoei eginiko omenaldian. (@alternatiba)

Josu Juaristi Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak hitza hartu du Bilboko San Anton Elizaren aurrean egindako ekitaldian eta bertan hartu ditu gogoan Gatzaren Matxinada delakoan zendu ziren lagunak.

1631. urtean hasi zen altxamendua, Espainiako Felipe IV erregeak espainiarrak gatzaren salneurrian %44 igo eta Bizkaiko erreserba guztiak konfiskatu zituenean. Hiru urte iraun zituen matxinadak, eta sei bizkaitar hil zituzten espainiar Koroaren aginduz, baina handik gutxira, borroka haren ondorioz gatzaren prezioa berriz jaistea lortu zuten.

Ohiko aurreskuaz eta lore eskaintzaz gain, Juaristik gogoratu du «zegozkien eskubideak defendatzeko eta bizi-baldintza duinak eskuratzeko» matxinatu zirela herritarrak.

Herri mobilizazioa eta borroka egoerak eraldatzeko tresna izan dela azpimarratu nahi izan du, «bereziki garai gogor hauetan: eskubideak ez dira zerutik etortzen, eskubideak borrokaren bidez eskuratu eta defendatzen dira».

Orain ere bidegurutze batean gaudela nabarmendu du Juaristik, haren iritziz bi aukera baitaude, «justizian eta pertsona eta herrien eskubideetan oinarrituko den eredu bat edo orain artekoa mantendu»-

EH Bilduk, esan du, «oso argi du norekin dagoen eta zer eredu nahi duen: eraldaketa soziala eta burujabetza osoa da gure eredua, pertsona guztien eskubide guztiak aitortu eta bermatuko dituena eta, noski, krisiak kolpaturik sektoreekin bat egiten dugu, borrokan dauden langileekin, etorkinekin, eredu honek bigarren mailako bihurtzen dituen emakumeekin, etorkizunaren alde borrokan dauden gazteekin...».

Koalizio abertzaleak Europan Euskal Herri «errebelde eta borrokalari» horren bozgorailu izan nahi duela adierazi du Juaristik.