NAIZ.INFO
BAIONA

Milaka pertsona bildu dira Baionan, preso eta iheslarien eskubideen alde

Baionako karriketan Euskal Herri osotik iritsitako milaka lagun bildu dira, bake prozesuari sostengua adierazi eta euskal preso zein iheslarieen eskubideak aldarrikatzeko. Inoizko babes zabalena izan du mobilizazioak, eta izaera politiko oso anitzeko ordezkariek hartu dute parte.

Manifestazio jendetsua izan da Baionako karriketan barrena. (Sylvain SENCRISTO)
Manifestazio jendetsua izan da Baionako karriketan barrena. (Sylvain SENCRISTO)

Antolatzaileen izenean, Peio Ospital eta Isabelle Bargadek hartu dute hitza, eta «mobilizazioa indartuz» doala nabarmendu dute, «deusek ez nehork geldiaraz ez dezaken mugimenduaren seinalea».

Preso eta iheslari politikoen kolektiboei elkartasuna adierazi ondoren, manifestazioak jaso duen babes zabalarengatik poztasuna agertu dute.

Esan dutenez, horrek adierazten du «bake xedea ohiko bereizkuntza guzien gainetik jartzen dela eta lurralde hontako indar bizien bateratzeko, giza eskubideak oinarritzat hartuz».

Euskal Herriko gatazkak «bi aldeetan eragin duen sufrimenduen zama» ere gogoan hartu dute, «biktima guzien eta hauen familien oinazea».

Horregatik, Baionako manifestazioa bake bidean «urrats bat gehiago» dela azpimarratu dute, Aiete Konferentziak ireki zuen bidetik.

Ospitalek euskaraz eta Bargadek frantsesez euskal preso politikoen eskubideak errespetatuak izan daitezela exijitu dute, eta gaixotasun larriak dituztenak askatzeko eskatu.

Euroaginduak bertan behera utz ditzatela eta erbesteratuen itzulera ere galdegin dituzte.

Mobilizazioa Xaho kaian bukatu da, festa giroan. Hasieran, txarangek alaitu dute Baionako larrea eta, ondoren, Zebda talde okzitaniarraren eta DJ Elepunto ondarroarraren emanaldiak zeuden iragarrita.

Manifestazio anitza

Manifestazioa 16.45ak inguruan abiatu da, Lauga kirolgunetik.

Presoen senide eta lagunek osatutako hiru zutabe handik ireki dute manifestazioa eta haien ondotik ‘Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea’ leloa zuen pankarta.

‘Ni ere banoa’ ekimenak lortu dituen atxikimendu anitzen erakusgarri dira mobilizazioan parte hartu duten ordezkari politikoen kopurua eta haien izaera.

Manifestazioan hartu duten milaka lagunen artean erbestean edo deportaturik egon ondoren Euskal Herrira itzuli berri diren hainbat lagun izan dira Baionan, eta Colette Capdevielle eta Frederique Espagnac –beheko irudian– PSko parlamentariak agurtu dituzte.

Besteren artean, honako aurpegi ezagunak izan dira Baionako mobilizazioan parte hartzen: Jean Rene Etchegaray Baionako auzapeza, Sylviane Alaux parlamentari sozialista –lehen aipatutako Capdevielle eta Espagnac ere–, Bruno Carrere Uztaritzeko auzapeza, Sortuko Xabi Larralde, Marie Christine Aragon kontseilari sozialista, Mixel Etchebest Mauleko auzapeza, EAJ/PNBko Dani Camblong, Martine Bisauta Baionako axuanta, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza. Hego Euskal Herritik etorrita, Udalbiltzako eta Usurbilgo alkate Mertxe Aizpurua, ELA sindikatuko Txiki Muñoz, Aralarreko Patxi Zabaleta, Tasio Erkizia ezker abertzaleko militantea eta Sortuko Amaia Izko izan dira, besteak beste.

Azken asteotan atxikimendu anitz bildu dituen mobilizazioari ohore egin diote partaideek, aniztasuna izan baita manifestazioan parte hartu dutenen artean ezaugarrietako bat.

Euskal presoen aldeko oihuen artean egin dute bidea.