‘Euskal Herriko nortasun grafiko instituzionalaren eskuliburua’ren lehen hiru atalak bidali dizkie Udalbiltzak bere alkate eta zinegotziei, Euskal Herri osorako irudi korporatibo berria sustatzeko abiatu duen egitasmoaren baitan. Eskuliburu horrek irudi korporatibo nazionalaren garapena eta udalerrietan dituen lehen aplikazio praktikoak lantzen ditu.
Ohar batean jakinarazi duenez, Udalbiltzak udal guztiei nortasun grafikoa proposatzen die, Euskal Herriaren izatea bera aintzat hartzen duena, herri bakoitzaren irudi korporatiboarekin erabil dezaten. «Gure nazioa identifikatzen duen marka bat bultzatzea eta udaletatik gizartearen arlo guztietara zabaltzea» du helburu.
Lan honen lehenbiziko urratsa ‘Euskal Herria’ marka diseinatzea izan da, «irudi argi, moderno eta eraginkorra» lortzeko. Horretarako, hainbat elementu sinboliko baliatu ditu erakunde nazionalak: koloreak, hau da, gorria, berdea eta zuria, sei herrialdeetako armarriak, ‘Euskal Herria’ eta ‘Basque Country’ hitzak eta ‘EUS’ laburdura, «Euskal Herria nazioartean identifikatzen duena».
Eskuliburuan aplikazio ugari jasoko dira, baina lehentasuna eman diete udalerrietako sarrera eta irteera adierazteko seinaleei eta udaletxeetan erabili ohi diren paperei. Uda iragan ondoren eskuliburua osatzen eta marka euskarri eta formatu berrietan garatzen jarraituko du Udalbiltzak.
Ekimen hau ‘Euskal herritarrak gara’ izeneko lan ildoari dagokio eta, haren bidez, Udalbiltzak urrats praktikoak eman nahi ditu Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitorpena lortzeko.