NAIZ.INFO
DONOSTIA

Kutxen pribatizazioaren aurka ostiral eta larunbatean kalera ateratzeko deia egin du EH Bilduk

Kutxen pribatizazioaren aurka ostiral eta larunbaterako Donostian eta Bilbon hainbat eragilek deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du EH Bilduk.

Ainhoa Beola eta Oskar Matute, Donostiako agerraldian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Ainhoa Beola eta Oskar Matute, Donostiako agerraldian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Oskar Matute eta Ainhoa Beola EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute, ostiral eta larunbaterako Donostian eta Bilbon deitu dituzten mobilizazioen berri emateko.

Kutxak banku-fundazio bilakatzeko EAJ, PSE eta PPk lortutako akordioa kritikatu dute eta «iruzur politiko»tzat jo dute. EH Bilduren ustez, alderdi horiek Kutxa, Vital eta BBK «hiritarrei kendu nahi dizkiote». Kutxen inguruko eztabaida publikoa ere «ostu» nahi dietela salatu dute, eta legeak kutxak banku-fundazio bihurtzera derrigortzen dituela argudiatzen dutenean «gezurretan» ari direla erantsi dute.

Koalizioaren esanetan, alderdi horien asmoa da banku-fundazioen zuzendaritza 15 kideko patronatu batek osatzea, eta horrela zuzendaritzak ez du «kontrol publikorik» izango.

Herritarrei dei egin diete ostiral honetan (15.30, Donostia, Kutxaren Batzarrarekin batera) eta larunbatean Bilbon hainbat eragilek deitu dituzten mobilizazioetan parte har dezaten.