Bilboko Konpartsetako eta Ekhi txanponaren ekimeneko ordezkariek agerraldia egin dute Muga tabernan, Aste Nagusian bertoko txanpona erabiltzeko aukera ematen hasiko direla jakinarazteko.
Esan dutenez, modu mailakatuan joango dira ordainketa modu berria onartzen. Aurtengo Aste Nagusiari begira, konpartsen txosna gehienetan eta Bilboko Konpartsek antolatutako ekimen guztietan erabili ahalko da Ekhi-a ordainketak egiteko.
Konpartsen bozeramaleek gogoratu dutenez, urteak dira «baloreetan aberatsak» diren jaiak antolatu eta hobetzen hasi zirela: «herrikoiak, parekideak, ekologistak, euskaldunak...».
Ildo horretan kokatu dute, hain zuzen, «ekonomiarekin eta gizartearekin dugun konpromisoarekin bat etorriz», Ekhi txanponaren ekimenarekin bat egiteko erabakia.
Ekimenaren onurak ere aipatu dituzte, «bertoko komertzioa eta ekoizleak bultzatzen dituelako eta bertan aberastasuna sortzea bilatzen duelako, bidezkoagoa eta jasangarriagoa den ekonomia batean oinarrituz».